Eskola Kiroleko Futbola Babesteko Plataformak Durangoko Kulturalaren “jokabide txarrak” salatu ditu

Joseba Derteano 2019ko urt. 15a, 14:00

Oinarrizko futbolean dabiltzan hainbat gaztetxori euren gaur eguneko taldea utzi eta Cultural Athletic Eskolara batzeko proposamenak egin dizkietela azaldu dute ohar batean.

Bizkaiko 42 futbol klubek osatzen duten Eskola Kiroleko Futbola Babesteko Bizkaiko Plataformak ohar bat kaleratu du Durangoko Kulturalaren “jokabide txarrak” salatuz. “Pertsona batek Durangoko Kulturalaren izenean eta Cultural Athletic Eskola berak beste entitate batzuetako umeekin batzarrak izan zituzten iazko azaroan euren gaur eguneko kluba uzteko eta Cultural Athletic Eskolara batzeko proposatuz”, adierazi du plataformak sare sozialetan kaleratu duen oharrean . Gaur eguneko taldeak “otsailean” uzteko proposamenak izan direla zehaztu dute. Benjamin, kimu eta haur-kategoriako “12 umerekin, gutxienez” jarri ziren hartuemanetan “inguruko kluben haserrea eraginez”, oharrak jasotzen duenez.

Bizkaiko Foru Aldundiak irizpide multzo bat du oinarrizko futbolean dabiltzan gaztetxoen kasuan zelan jokatu zehazten duena eta Plataformaren ustez irizpide horiek apurtu ditu Culturalak Athletic Eskolak. Horregatik jokabide horien gaineko azalpenak emateko eskatzen diote. Bestela Plataformak “hartuemanak hautsiko” lituzke eurekin.

Plataformaren salaketaren inguruan galdetuta, Durangoko Kulturaleko iturriek azaldu dutenez, “Durangoko Kulturala klubaren kasuan egia da jokalariekin hartuemanak izan ditugula, baina Cultural Athletic Eskolaren inguruan dioten dena gezurra da; eta beti gurasoekin egon gara inoiz ez umeekin”. Horrez gainera, zehaztu dutenez, Durangoko Kulturaletik egindako proposamenak “datorren denboraldira begira izan dira eta ez otsailera begira, Plataformakoek dioten moduan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!