Baina, Durangaldeko ikastetxeetan bertako eta sasoiko produktuak kozinatzearen alde lan egiten duen Berton Bertokoa dinamikako kideak ez daude ados aldaketa horregaz. Euren ustez, Eusko Jaurlaritzak "eskuak garbitu" nahi izan ditu. "Eskola jantokien kudeaketaren ardura eta kudeaketa ezin dira guraso elkarteen bizkar bota". Gainera, guraso elkarteen osaketa aldakorra izaten denez, egonkortasuna zalantzan geratu ahal dela ikusten dute.
Norberak guztia gestionatzearen eredu berri horretaz aparte, ohiko catering sisteman parte hartzea da ikastetxeek duten beste aukera. Eta, Berton Bertokoako kideen iritziz, catering enpresa aukeratzeko erabaki ahalmena eduki behar lukete eskolek, gaur egun ezinezkoa dutena. Bestalde, jantokiko zaintzaile eta beharginak administrazioaren gestio zuzenaren barnean egon beharko liratekeela diote gurasoek, lan baldintzak bermatzeko eta formazioa jasotzeko. Izan ere, jantoki ordua hezkuntzaren parte dela diote, eta beharginek ikuspegi horretarako formazioa jaso beharko luketela.
Beste eredu bat, posible
Hala ere, Markina eta Gernikako esperientziak legeztatuz, orain arteko araua ez dela bakarra ikusi da Durangaldeko gurasoen arabera. "Frogatua gelditu da catering bidezko sistemaz at, eta gurasoentzat inongo ekonomia kostu gehikuntza gabe, posible dela gure haurrei elikadura osasungarri bat ematea".