Gaueko aterpe zerbitzuaren balorazio ona egin du Amankomunazgoak

Markel Onaindia 2018ko abe. 21a, 12:51
Amankomunazgoko bilkura bat, artxiboko irudian.

Neguko gauetarako harrera zerbitzua zena urte osokoa izatera pasa da aurten, eta zerbitzuaren balorazio ona egin du Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak. Hainbat udal eta instituzioren arteko elkarlanari esker garatzen da egitasmoa, eta lankidetza horri balioa eman dio Lopezek. 

Etxerik ez dutenei gauetan lo egiteko lekua ematen die zerbitzuak. Neguan 10 pertsonarentzako lekua egoten da, eta urtean zehar 5entzako. Aitor Lopezen esanetan, kalkulua ondo egin zutela ikusi da, zerbitzuaren datuak ikusita. Atzo 2019rako aurrekontu orokorra onartu zuten Amankomunazgoan, eta harrera zerbitzua sustatzen jarraitzea izango da ekintzetako bat. Gizarte gaiekin jarraituta, etxez etxeko laguntza zerbitzua nabarmendu du Lopezek. 

Hondakinen bilketari dagokionez, kamioi berri bi erosteko prozesuan dago Amankomunazgoa, eta 2019an edukiontzien guneak hobetzen segitu gura dute. Organikoaren kanpainan, gehiago jaso ahal izateko organiko osoa birziklatu ahal izatea eskatuko diote Aldundiari. Bestalde, enplegua sustatzeko programekin aurrera egingo dute eskualdean. Gainera, Lehiakortasun Polorako 30.000 euro ipiniko dituzte. 

EAJ eta AI, aurka
Lopezek euren gobernuaren balantze "ona" egin du. "Alderdien interesen gainetik, herritarrentzako zerbitzuak eskaintzen" ari direla dio. Gobernukide duen Herriaren Eskubideko Patxi Lopez Lakunzak aurrekontuak babestu ditu. "Aurrekontuak aurrera eraman diren modua eskertu gura dugu". 

Ez da iritzi berekoa EAJ. Goiztidi Diazek salatu du ez dela parte-hartze prozesurik egon. 2018rako aurreikusita zegoen airearen kalitatearen inguruko ikerketa ez dela egin ere esan du. Egungo gobernuaren gestioa, aurretiaz EAJk egindakoaren "jarraipena" dela uste du. Oskar Zarrabeitia presidente ohia ere "minduta" agertu da, gobernu aldaketa ematean "aldaketa handi bat" iragarri omen zutelako, eta bere ustez ez delako halakorik gertatu. EAJk garatutako ekintzekin jarraitu dela dio, beste pausorik eman barik. 

Lopezek aitortu du ez dela airearen ikerketa egin, baina 2019an egitea espero dutela dio. Bere ustez eman dira pauso berriak, eta EAJk aurrekontu prozesuan "ekarpenik ez egitea" salatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!