Gasteizerako 13 autobus zerbitzu egongo dira astegunetan, urtarrilaren 12tik aurrera

Markel Onaindia 2018ko abe. 20a, 12:13

Arabako Aldundiak kontzesio berria martxan ipinita, urtarrilaren 12tik aurrera zerbitzuan hobekuntzak egongo dira. Autobus zerbitzuak bikoiztu egingo dira bi noranzkoetan, astegunetan, 6 zerbitzutik 13ra. Asteburuetan 6 izango dira bidaiak. Gainera, autobus flota ere berria izango da osorik.

Linea eraberrituaren froga bat egin dute gaur, bidaia horretan agintari politikoak zirela. GPS bidez egiaztatu dituzte geralekuak eta denborak, gero ordutegiak ezartzeko. Gasteiztik irten da, eta Durangora heltzean prentsarako agerraldia egin dute. La Union enpresari esleitu diote zerbitzua 10 urterako, eta autobusak Irizar eta Scania enpresekin batera diseinatu dituzte. Igogailu-plataforma bat edukiko dute, Wifi sistema, bizikletak gordetzeko aparteko almazen bat ere bai.

Josu Lopez Ubierna diputatu arabarrak nabarmendu du BAT izeneko txartel atera ahalko dutela erabiltzaileek, bidaiak merkeago ateratzeko. Aitziber Irigoras alkateak "poza" adierazi du linea berrituaren notiziagatik, eta oposizioak aurretiaz eginiko kexen aurrean, " bidea erakundeen arteko elkarlana" dela aldarikatu du. Orain arteko zerbitzuak kexa ugari jaso izan ditu, baita protestak ere. "Jendeak kezka erakutsi zion udalari, zerbitzua ez zelako ona. Hori hobetzeko bideak topatzen hasi ginen, eta emaitza ona izan da. Bide luzea izan da, baina hori da bidea". Pilar Rios alkateordeak uste du Durango-Gasteiz linea "aukera erreal" bat bihurtu dela, eta herritarrek zerbitzua hobetzeko eginiko ekarpenei balioa eman die. Arabako Aldundiak elkarlanerako egin dien harrera eskertu dute Durangoko agintariek.

EH Bilduko udalak ere pozik
Durangoz gainera, EH Bilduk gobernatzen dituen Izurtza, Mañaria eta Otxandiotik ere igarotzen da autobusa. Udal horiek Legutiokoaz batera, oharra bidali dute prentsara; gaurko aurkezpenera ez dituzte gonbidatu. Azaldu dute pozik daudela zerbitzua hobetuko delako. "Asko pozten gara hainbeste urtetako protesta, firma batze eta lanek bere fruituak emango dutelako. Herritarrak zoriondu nahi ditugu izan duten pazientziagatik eta autobus zerbitzu hau hobetzeko egin duten ahaleginagatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!