“Aldundiak organiko osoa onartuko balu, birziklapena asko igoko litzateke”

Markel Onaindia 2018ko azaroaren 27a

Amankomunazgoko hondakinen gestioan legealdi honetan emandako pausoak azaldu dituzte Aitor Lopezek (Amankomunazgoko presidentea) eta Augusto Uriartek (Hondakin bilketaren arduraduna). Sailkapenean gora egiteko, argi dute organiko osoa batu behar dela.

Zer pauso eman duzue legealdian organikoaren bilketa indartzeko?
Aitor Lopez: Amankomunazgoko herri guztietara hedatu dugu bosgarren edukiontziaren eta autokonpostajearen proiektua. Bestalde, edukiontzi gehiago ipini ditugu. 2017ko neguan beste informazio kanpaina bat egin genuen, baina izen-ematean partaide berri gutxi lortu genuen. Biztanleen %20k birziklatzen dute organikoa, eta uste dugu beste pauso bat ematea beharrezkoa dela.

Zein da pauso hori?
A.L.: Organiko osoa sailkatu ahal izatea, animalien jatorriko elikagaiak barne, orain ezin baita egin. Baina Aldundiak jartzen ditu baldintzak, eta berak eman behar du pausoa. Inbertsioak egitea eskatzen dugu, aldaketak gertatu ahal izateko. Durangaldean konpostaje planta bat? Primeran. Artigasekoa handitzea? Eurek erabaki behar dute. Guk baldintza guztiak betetzen ditugu: baliabideak ditugu, borondate politikoa... baina egoera honetan, ez atzera ez aurrera gaude. Lea Artibain organiko osoa sailkatzen dute, adibidez.
Augusto Uriarte: Amankomunazgoak egin du tokatzen zaiona. Kanpainak, baliabideak... 73 edukiontzi marroi ditugu, eta 400 konposteratik gora. Edukiontzi marroian bota ahal dena, hortxe dago gakoa.

Eskaria herritarrena ere bada?
A.L.: Hain justu, organikoari buruzko saioak egin izan ditugunean, ohiko galdera izan da animalien jatorriko gaiak botatzearena. Herritarrek eskatutako zerbait da, eta udalek ere proposatu izan digute. Pausoa emango balitz, egungo erabiltzaileek materia gehiago sailkatuko lukete eta jende gehiago ere animatuko litzateke proiektuan parte hartzera.

Beraz, birziklapen kuotan ere eragina edukiko luke.
A.U.: 2017an hondakinen %33 sailkatzen genuen Amankomunazgoan. Organiko osoa sailkatuta, errefusa gutxituko litzateke. Horrela, asko igoko litzateke birziklapena, eta, orduan, Europak 2020rako aholkatzen duen %50eko sailkapen portzentajera helduko ginateke. Bestalde, Amankomunazgoak eta beste instituzioek baliabideak jarri behar dituzte, baina hondakinak sailkatzea guztion ardura da, herritarrena ere bai.
A.L.: Ingurumenerako hobea litzateke, eta ekonomikoki errentagarriagoa ere bai. Errefusa tona bat tratatzeak organikoaren bikoitza kostatzen du. Eta azken hau, gainera, berriro zirkuituan sartzen da. Beraz, Amankomunazgoak eta udalek gutxiago ordainduko lukete.

Organikoaz aparte, edukiontzi ugari batzen dituzten guneak antolatzea izan da zuen beste urrats bat, sakabanatuta eduki beharrean.
A.L.: Aurreko legealditik, auzoetako gune horiek indartu ziren, eta guk jarraitu dugu. Errefusarako edukiontzia ahalik eta lekurik gutxienetan egotea gura dugu, horrek hondakinak bereiztea zailtzen duelako.
A.U.: Iaz paperaren eta beiraren sailkapen protzentajea igo egin zen, eta uste dut gune horiek indartzeagatik izan zela. Azken urteetan 50 edukiontzi berri ipini ditugu urtero, gutxi gorabahera.
A.L.: Bestalde, zerbitzuan inbertsioak egin ditugu. Lehen ez zegoen arduradunaren figura, eta administrari bat ere gehitu dugu zerbitzuko lanetara.
A.U.: Orain inzidentziak zenbatu eta jarraipena egiten diegu. Kamioietan mugikorrak ipini ditugu eta, horrela, gertakariez zuzenean informatzen dute kamioietatik. Gainera, tamaina handiko hondakinak batzeko kamioi berri bat erosi dugu, eta ohiko bilketa egiteko beste kamioi bi ere erosiko ditugu.

Tamaina handikoak Garbigunean ere utzi ahal dira, ezta?
A.L.: Konturatu gara tamaina handikoen kopurua gero eta handiagoa dela. Bizkaian, biztanleko, Garbigune gutxien duen eskualdea da gurea. Bakarra dugu eskualde osorako, eta herri batzuetan arazoak ditugu, hondakin asko pilatzen direlako kalean. Beraz, Durangaldean beste Garbigune bat jartzea onuragarria litzatekeela uste dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!