Eskualdeko zortzi futbolarik Genuine Liga jokatuko dute Athleticegaz

Joseba Derteano 2018ko aza. 15a, 10:35

Genuine Ligan parte hartzen duen Athleticen taldea beste denboraldi baten hasieran dago eta aurten Durangaldeko inoizko jokalaririk gehien daude taldean: zortzi guztira, iaz baino bi gehiago. Geu Be elkarteko Mikel Olaso eta Alberto Hermoso abadiñarrak dira esperientzia lehenengoz biziko duten jokalariak.

Gainerako seirek badakite Athleticen kamiseta defendatzea zer den, iaz ere taldean izan ziren eta. Saioa Ortiz berriztarrak, Sergio Vadillo abadiñarrak, Javi Nuñez eta  Suzette Amilibia elorriarrek, Aitor Alberdi zaldibartarrak eta Josu Uriguen zornotzarrak bigarren urtea egingo dute Athletic taldeagaz.

Asteburu honetan Tarragonan (Katalunia) hasiko dute aniztasun funtzionala dutenei bideratutako futbol liga. Lehen jardunaldirako, eskualdeko lau jokalari daude deialdian: Ortiz, Vadillo, Nuñez eta Hermoso. Jokatuko dituzten partiduen artean bat berezia izango da: Eibarren kontrako euskal derbia.

Genuine Ligako bigarren denboraldia indartuta dator. Asteon egindako aurkezpenean adierazi dutenez, 12 talde berri izango ditu eta 30 taldera helduko da.

Athletic, joko garbian onena
Athleticek Fair Play edo jokorik garbienaren saria irabazi zuen iaz, zelai barruan erakutsitako jarrera onagatik. Ondoren, irabazitako garaikurra zaleei eskaini zieten urri amaieran. Talde nagusiak Valentziaren kontra jokatu behar zuen partiduaren atarian, San Mameseko berdegunera irten ziren, milaka zaleren txalo artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!