Hamabi urteko ibilbidea egin du Astola aldizkariak aurtengo ale berriarekin. Durangaldeko ikuspegi patxadatsuago bat eman ohi du argitalpenak. Hamabigarren ale hau zortzi lanek osatzen dute. Eskualdeko hainbat lagunek osatu dituzte artikuluak. Durangaldeko antzerkigintzari buruz idatzi du Joseba Gorostizak, adibidez. Garazi Arrizabalagak, ostera, Jose Manaut margolari valentziarra Durangon eduki zuen konfinazioari buruz jardun da. Ander Berrojalbizek 1465. urtean Bohemiako noble batzuek Durango zeharkatu zuteneko kronikak dakartza, eta Markel Onaindia ANBOTOko kazetariak, ostera, eskualdean hondakinak birziklatzeko egiten den ahaleginari buruz idatzi du.
Eskualdeko hainbat herritan dago salgai Astola aldizkaria, bost euroan. Durangoko Azokan ere egongo da eskuragai, Gerediaga elkartearen erakusmahaiagaz batera.