"Musika klasikoarekiko dauden aurreiritziak apurtu gura ditugu, jendea hurbildu dadin"

Aritz Maldonado 2018ko aza. 13a, 10:20

Etxeko talde bat arduratuko da Iurretako Musikaldia borobiltzeaz. Azaroaren 17an, 18:30ean, kontzertua eskainiko du Durangaldeko 4kote taldeak, Ibarretxe kultur Etxean."Errepertorio orekatua eramaten saiatuko gara eta sorpresaren bat ere egongo da", azaldu du taldeak, ikuskizunerako bereziki prestatu duten piezari misterio kutsua emanda.

2011. urtearen bueltan laukote moduan jaio arren, boskotea da egun 4kote. Edurne Eguiak, Bidane Txopiteak, Jasone Turumbayk, Iratxe Uribelarreak eta Igone Amestik osatzen dute taldea. Azaroaren 17koa boskote formatuan emango duten lehenbiziko kontzertua izango da. "Egunen batean aldatu beharko dugu izena, baina oraingoz ez", diote barre artean. Iker Ruiz de Alegria pianistaren laguntza ere badute. Irakasle eta zuzendari legez, Agurtzane Mentxaka dute.

Abesbatzako kide zirela, Mentxakak berak animatu zituen Eguia, Txopitea, Turumbay eta Uribelarrea laukotea osatzera. "Talde txiki batera hobeto moldatuko ginelakoan proposatu zigun Agurtzanek". Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleak dira guztiak, eta Mentxakaren klaseak hartzen dituzte. "Agurtzanek zuzendu egiten gaitu entseguetan, proposamenak egiten dizkigu, erronkak bilatzen dizkigu, eta egin ditugun estilo aldaketetako asko ere berari zor dizkiogu. Ikusten ez den lan asko berak egiten du", azaldu dute esker onez 4koteko kideek. Eurek ere gogotik lan egiten dutela gogoratu dute gero. "Astean behin guztiok batera entseatzen dugu, ordu eta erdiz. Horri gehitu bakoitzaren klaseak eta etxean norberak egin dezakeena". Entseguetan, abesteaz gainera, bestelako gaitasunak ere trebatu ditu boskoteak. "Gorputz hizkuntza, abesti hasieren sinkronizazioa, arnasa hartzea... urteekin gehiago ezagutu dugu elkar, eta horrek konplizitatea sortzen du".

"Bésame mucho"
"Entzutekoak bakarrik ez, ikusteko emanaldiak ere badira gureak", diote protagonistek zuzenekoei buruz galdetuta. Behin Durangoko San Frantzisko elizan emandako bolero kontzertu bat gogoratzen dute besteen artean: "Emakume asko egon ziren gugaz batera Bésame Mucho abesten, eta mojak ere kontzertua ikusten egon ziren. Oso oroitzapen polita dugu".

Kontzertuetan publikoagaz duten feelinga ere nabarmentzen dute abeslariek, eta musika klasikoarekiko aurreiritziak albo batera uzteko eskatzen dute. "Askotan harritu egiten da jendea, ez baitu espero egiten duguna ikustea; ez gara ohiko formatu bat. Beharbada, Golden Apple Quartetegaz konparatu gaitezke, baina haiek ukitu umoristikoagoa dute". Haien kasuan bezala, 4koteren emanaldiak ez dira musika bakarrik. "Jantziak ere zaintzen ditugu, eta, abesterakoan, paperean sartzen gara. Horrek ikuskizuna boroboiltzen laguntzen du".

Elkarren arteko babesa
Taula gainean euren ahotsen laguntza baino ez dute laurek (bostek), baina horrek ez ditu kokiltzen. "Ez da berdina lau ahotseko abestiak kantatzea edo hogei ahotsekoak, noski". Erronka moduan hartzen dituzte zuzenekoak, beraz. "Urduri egon arren, itzelean pasatzen dugu, eta uste dugu urduritasun hori ere eduki behar dela. Bestela ezinezkoa dela ongi egitea", adierazi dute.

Aldi berean, erronka pertsonal horiek taldea hazten lagundu dutela uste dute. "Zuzenekoen ardura guztia gure gain egoteak indartu egin du taldearekiko eta taldekideekiko konpromisoa. Eta, hain zuzen ere, taldearen indarra gure arteko konpromiso horretan dago".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!