Banda marroiak eta gorriak, pinuak gaixotzea ekarri duten onddoek, kalte handia sortu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako basoetan. EH Bilduren ustez, 40 urtez "basogintza eredu industrialean eta monolaborantzan oinarritutako politiken" ondorio da gertatzen ari dena. "Zuhaitz ahulez josita dago lurraldea, eta horregatik gaixotasunak horren erraz sartu dira, eta sartzen jarraituko dira". Gainera, politika horrek "lur zoruaren aberastasunaren galera, bioaniztasunaren desagerpena eta sektorearen errentagarritasunaren galera izugarria" eragin dituela ohartarazi du alderdiak. Ekoizpen sektorea ere dibersifikatzea beharrezko ikusten du, paper pasta eta oholtzak egitetik harago.
Egoera ikusita, mendi publikoen jabetza udalek berreskuratzeko neurriak hartzen hasi dira EH Bilduk agintea duen udaletan.