“Gazteak gara, eta hobetzekotan, orain hobetuko dugu”

“Gazteak gara, eta hobetzekotan, orain hobetuko dugu”

Bizkaiko Bertsolari Txapelketan Durangaldeko ordezkaririk gazteenak dira Aitor Bizkarra (Abadiño, 1996), Txaber Altube (Abadiño, 1998) eta Gorka Pagonabarraga (Durango, 2000). Elkarregaz dabiltza prestatzen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Altubek bihar du saioa, Zornotzan.

Urduri, Txaber?
Txaber Altube: Momentua hurbiltzen ari dela, urduriago jartzen ari naiz. Bertsotan gustura eta sentsazio onekin nabil, baina pixka bat urduritzen hasita ere banago.

Eta zuek? Aste bi barru Plentzian duzue saioa.
Aitor Bizkarra: Ni kokilduta nago, nire buruari esaten diot ez arduratzeko, ez diola axola, baina neuk ere ez dut sinesten.

Gorka, zuk lehenbiziko aldia duzu udazkeneko fasean. Nola daramazu txapelketa?
Gorka Pagonabarraga: Ni gustura geratu nintzen udaberriko faseagaz. Intentzio handirik barik apuntatu nintzen, probatzeko asmoz, eta ondo irten zen. Udazkenekorako, egiten dudanagaz gustura geratzea baino ez dut eskatzen.

Pozik orain arteko ibilbideagaz?
T. A.: Bai, aurrera egin dugu, nahiko nabarmen, baina oraingoan gehiago disfrutatzea gura nuke. Badakit txapelketa ez dela disfrutatzeko lekua, baina bueno. Behintzat, ariketa bat gehiago egiteko aukera dago.
A. B.: Udabarriko fasea nahiko bitxia da. Bertso gutxi abesten dituzu, eta horrek presio puntu bat gehitzen dio. Botatzen dituzun bertso gutxietan asmatzera derrigortuta zaude. Presio apur bategaz bizi dut nik orain, izan ere, Txaber eta biok finalaurrekoetara iritsi ginen orain urte bi, eta gutxienez hori berdintzeko helburua daukagu.
T. A.: Hobetu dezakegula uste dugu. Gazteak gara, eta hobetzekotan, orain hobetuko dugu. Finalerdietara heldu eta gustura geratzeko moduko saio bat egitea da nire erronka.

Eskolartekoetan txapelak lortutakoak zarete hirurak. Fokoa zuengan dagoela igartzen duzue? Presiorik?
T.A.: Orain dela urte batzuk egin genuenagatik baino, jendeak orain ikusten duenagatik dela esango nuke. Ikusten du aktibo gaudela, hainbat saiotan maila ona ematen dugula, eta jendea gugan fijatzen da. Saioetan ere igartzen da, publikoaren erantzunean.
A.B.: Ez dakit sona deitu ahal zaion, baina azkenaldian jendea gugan gehiago fijatzen hasi da. Berba gehiago egin da guri buruz, udabarrikoan geure saioak irabazi ditugulako.
G.P.: Guk ere sartzen diegu presioa (barreak).

Elkarregaz zabiltzate txapelketa prestatzen. Zama arintzen laguntzen du?
G.P.: Lagungarria baino gehiago, beharrezkoa dela uste dut bertsotan egiteko lagun talde bat edukitzea.
A.B.: Bakarrik nagoenean ere, txapelketa garaian buruan ditut bertsoak, eta aurten bereziki gogotsu gabiltzala uste dut, obsesio puntu batek jota ere, esango nuke.
T.A.: Elkar kutsatzen ere ari gara horrela, onerako zein txarrerako. Bertso eskolan batera, udan eta parrandan ere gure artean libreko hainbat saio egin ditugu. Orain beldurra ere kutsatu diogu batak besteari.
G.P.: Niretzat oso garrantzitsua izan da biltzen hastea. Asko ikasi dut eta lagun hobeak egin gara.

Nola definituko zenukete batak bestea?
T.A.: Bizka perlitas bat da. Bakarkakoan, sekulako aleak ateratzen ditu.
G.P.: Txaber oso ona da publikoagaz kontaktatzen.
A.B.: Eta etorri oso ona du. Gorka oraindik leuntzeko dagoen diamante bat da, ez du oraindik hainbeste garatu bere bertsonalitatea (barreak).

Nortzuk dira zuen ereduak?
A.B.: Maialen Lujanbio.
T.A.: Bertsotan ondo egin nahi duen edonorena da Lujanbio. Eta Unai Iturriagak eta abarrek ere asko irakatsi digute. Bertso eskola gozamena izan da orokorrean, bertsoez aparte ikasteko ere.

Hip hopa bogan dagoen garaiotan, bertsolaritzan eraginik baduela uste duzue?
A.B.: Oraingoz, alderantziz dela uste dut, izan ere, euskal raperoek bertsoekin dute harremana. Hala ere, eragin dezake, formatu berriak edo mistoak sortzen edo.
T.A.: Euskal rapa leuntzeko dagoen diamante bat da oraindik, baina apurka-apurka ari da bere bidea egiten.
G.P.: Hor daude Juantxo Glaukoma eta Odei Barroso, adibidez.

Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea finalaurrekoetan sartuko dira lehian

Gorka Pagonabarraga, Txaber Altube eta Aitor Bizkarra bertsolariez gainera, Durangaldeko beste lau lagunek abestuko dute txapelketan. Orain dela urte biko txapelketako finalera iritsi ostean, Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea finalaurrekoetan sartuko dira lehian. Amurizak etxean abestuko du, Berrizko pilotalekuan, azaroaren 18an. Ugartetxeak, ostera, Igorreko kiroldegian ekingo dio txapelketari. Bizkaiko txapela janzteko lehiatuko dira.

Saio bi
Kanporaketa bi jokatu dira dagoeneko. Lehenbizikoan, Gernikan, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak abestu zuen. 439 puntu lortu zituen. Joan den astean, Eneko Abasolo ‘Abarkas’-ek abestu zuen Santurtzin, eta 460 puntu lortu zituen