“Bertako produktuen kontsumoa noraino heltzen den eta noraino heldu ahal den esango digu ikerketak”

Markel Onaindia 2018ko urr. 16a, 16:44

Elikadura osasuntsu eta iraunkorraren balioetan oinarrituta, etorkizunerako plan estrategikoa osatzen dabil Urkiola Landa Garapenerako Alkartea. Elhuyar aholkularitzak, Gaindegia behategiak eta Sorland agentziak garatuko dute teknikoki, eta eskualdeko hainbat eragileren partaidetzak zentralitatea edukiko du prozesuan. Urtea amaitu aurretik emaitzak jasotzea aurreikusi dute. Horren guztiaren berri eman du Juan Mari Totorikak, Alkarteko kudeatzaileak. 

Nondik dator elikadurari buruzko plangintza bat sortzeko asmoa?
Urkiola Landa Garapenerako Alkartearen barruan eskualdeko udalak eta lehen sektoreko hainbat elkarte daude. Azken legealdian, turismoaren eta elikaduraren estrategiak zelan garatu aztertzen ibili dira udalak, eta adostu dute alkartea dela horretarako erakunde egokia. Elikadura mahai bat ere sortu da, instituzioekin, eskolekin, katering enpresekin, produktoreekin, sindikatuekin... Abenduaren 31ra orduko amaituta egon beharko da plangintza.

Kontsumitzaileen ohituretan aldaketa bat bultzatzea da planaren helburuetako bat.
Elikadura aipatzen dugunean, katea produktoreekin hasten da eta hondakinen kudeaketagaz amaitu. Kate horretan hainbat agentek parte hartzen dute, eta gure estrategian denak hartuko ditugu kontuan. Elikadura sostengarri bat garatu gura baduzu, produktoreak parte garrantzitsua dira, baina kontsumitzaileak ere bai. Batak bestea barik ezin du katerik sortu. Beraz, gure asmoa da jaten duguna ahal den neurrian eskualdean produzitzea. Badakigu hainbat zailtasun dugula, kontsumitzaile asko dugulako eta ekoizleak ez hainbeste. Ikerketa honek bertako produktuen kontsumoa noraino heltzen den eta noraino heldu ahal den esango digu. Kontsumoa eta ekoizpena orekatuta joan behar direnez, batak gora egiten badu besteak ere egin beharko du.

Baina, horretarako, nekazaritza eta abeltzaintzako arloak sendo egotea beharrezkoa izango da. Lehen sektorea gaztetu egin behar dela azaldu duzue plana aurkezteko oharrean.
Azken urteetan ez da egon erreleborik, eta gero eta ekoizle gutxiago ditugu. Ez dago desagertzeko arriskuan, baina egoera oso larria da. Hainbat esplotazio zarratu dira eta ez da ordezkorik egon. Lehenik eta behin, sektorea prestigiatu beharko dugula uste dut. “Balio ez duena baserrian geratzen da” esaten zen lehen; horrek ez du zentzurik gaur egun. Baserritarra izateko, oso ondo trebatuta egon beharko duzu eta enpresari ona izan. Bestetik, bokazio kontua da, gustatu egin behar zaizu. Batzuek ez dute lan ordurik, ezta oporrik ere, euren artean antolatu ezik. Bestalde, esplotazioak handitzeko, lurra behar da. Faktore asko daude eta denak hartuko dira kontuan plangintzan.

Azken urteetan, eskola jantokietan bertako eta sasoiko protuktuak eskaintzearen alde mugimendu indartsua sortu da Durangaldean, Berton Bertokoa izenekoa. Gaia katering enpresekin koordinatzen zabiltzate, ezta? Eskualdeko elikadura ereduan aldaketa handia ekarriko luke...
Bere momentuan katering enpresek zerbitzuaren lehiaketa irabazi zuten, eta eurek eduki dezaketen borondatearen menpe dago menuetan bertako produktuak sartzea ala ez. Ez dago gure esku. Gu baserritarrekin berbetan gabiltza, eta bitartekari lana egiten katering enpresekin, bertako produktuak euren hornitzaileen artean sartzeko baldintzak adosten saiatzeko. Bide bat hasita dago, baina gauzak ez dira errazak, ekoizleek euren burua antolatu beharko dutelako eta gero baldintzak negoziatu katering enpresekin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!