“Energia berezi bat biltzen du liburuak; bederatzi ataletan banatuta dago, eta infinituaren zenbakia da hori”

Aritz Maldonado 2018ko urr. 16a, 09:08

Lumbralesen (Salamanca, Espainia) jaio zen Koro Benito (1965), eta zenbait urtez Durangon bizi ostean, Garain bizi da gaur egun. 2016an '¿Seré arcoíris algún día?' kaleratu ostean, poema sorta berri bat kaleratu du berriki: 'Vagabunda'. Aurkezpen eta errezitaldiak eskaintzen ari da Benito orain, buru-belarri. Urriaren 7an egin zuen lehenbizikoa, Pilar Zubiaurre idazle garaitarra jaio zen etxearen parean, hain zuzen ere.

Nola dago egituratuta poema sorta hau?
Bederatzi ataletan banatuta dago liburua. Bederatzia infinituaren zenbakia da, eta, horrez gainera, tarotean ermitauaren karta da bederatzigarrena, eta ermitauaren esanahietako bat da Vagabunda. Energia berezi bat biltzen du liburuak. Azala, adibidez, William Blake poeta eta ilustratzailearen irudietan oinarritua dago; Mikel Gomezek egin du. Poemez gainera, liburuan ilustrazioak ere badaude, Gomezenak baita ere, eta geometria sakratuen eta errunen arteko berrinterpretazio bat dira.

Hau guztia argi zenuen hasieratik, ala idatzi ahala erabaki duzu?
Ahal dudan heinean idazten dut. Nahikoa material bildu dudala ikusterakoan, publikatu egiten dut, eta, horretarako, forma ematen diot; azala eta bestelako detaileak nolakoak izango diren pentsatzen hasten naiz. Astiro doan prozesu bat da. Sorta honetako poemak, adibidez, ¿Seré arcoíris algún día? idatzi ostekoak dira.

Noiztik idatzen duzu?
Hamabost urte nituenetik hogei eduki nituen arte asko idatzi nuen. Baina lan horietako asko galdu egin nituen etxez aldatzerakoan. Gero, idazteari utzi nion. Ile-apaintzailea naiz ogibidez, eta horrek denbora asko kendu izan dit. Hogei urte-edo egon naiz batere idatzi  barik. Orain sei urte inguru, olerki bat etorri zitzaidan burura, eta ia bat-batean idatzi nuen. Hor berriro hasi nintzen idazten. Ahoan arazo bat eduki nuen, eta ez nuen lortzen sendagaiekin soilik konpontzea; terapia alternatiboen bila hasi nintzen. Hor aldaketa bat sumatu nuen nire baitan, eta idazten hasi nintzen berriro. Eta oso pozik nago orain. Bizitza bakarrean hainbat bizitza daudela uste dut nik, eta idaztea bazterreratuta nuen arren, hor egon da beti. Orain berreskuratu egin dut.

Lehenbiziko poema sortatik bigarren honetara, zein garapen eduki duzu idazle moduan?
Orain zorrotzagoa naiz neure buruagaz. Esan gura dudanagaz bat datorren berba topatzen saiatzen naz. Idazterakoan, baina, nahiko irregularra naiz. Eta ez dakit hori ona ala txarra den. Idazten dudanagaz irakurlearengana heltzen saiatzen naiz, metrika zaintzeaz baino gehiago, adibidez. Erraietatik idazten dut. Ez dut gura gehiago idatzi, inspirazioa datorkidanean idazten dut.

Autoedizioaren bidetik ekin diozu oraingo honetan ere?
¿Seré arcoíris algún día? liburuagaz bide tradizionala jorratzeko asmoa nuen hasiera batean. 40-50 argitaletxek baztertu egin zuten publikatzeko aukera, ez zegoelako euren ildoagaz batera, eta nire kabuz egitea erabaki nuen. Oraingo honetan ere horrela egin dut, baina banaketaz Forjadores de Sueños arduratzen da. Aurkezpen eta azoketara ere laguntzen didate, eta web orrialdea dutenez, asko laguntzen didate ezagutzera emateko. Autoedizioaren alderik onena, guztiari buruz erabakitzen duzula da: liburuak izango duen letra mota, ilustrazioak, azala... gastuak zure gain hartzea tokatzen zaizu, eta buelta asko eman behar dituzu liburua ezagutarazteko eta saltzeko, baina, lan horrek ez nau beldurtzen. Are gehiago, lanak zortea ere badakar.

Beraz, orain aurkezpenak egitea tokatuko zaizu.
Bai, hala da. Garaikoaz gainera, urrian Madrilera noa, Vagabunda azoka batean aurkeztera. Bilbon aurkeztuko dut azaroan, eta abenduan, ostera, Bartzelonara noa. Horiez gainera, oraindik guztiz itxita ez ditudan beste aurkezpen batzuk ditut hitzartuta.

Poesia bakarrik idazten duzu?
Batez ere, poesia idazten dut. Baditut kontakizun batzuk idatzita, baina, oraindik behintzat, gordeta ditut.

Errezitatu ere egiten duzu.
Bai, oso gustuko dut, eta aspalditik egiten dut. Orain denbora asko, lagun batek errezitatzea proposatu zidan, eta oso urduri nengoen arren, asko gustatu zitzaidan errezitatzerakoan sentituriko adrenalina. Ordutik, askotan egin dut. Gaztetan ere, idazten nituen poesiak zintan grabatzen nituen, irrati-kasete bategaz. Niretzat, idaztea eta errezitatzea batera doaz, poema irakurtzean ulertu ez duen pertsona batek entzuterakoan ulertu dezakeelako.

Non erosi ahalko da liburua?
Urrike eta Hitz liburudendetan, eta Forjadores de Sueñosen webgunean. Nik neuk ere saltzen ditut zuzenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!