Oxido kuprosodun tratamendua probatu nahi dute erakundeek pinadietako gaitzari aurre egiteko

Joseba Derteano 2018ko urr. 11a, 14:30
Oiz gainetik Markina alderantza ateratako argazkia.

Tratamendua erabili ahal izateko Espainiako ministerioan baimen eskaera tramitatzen ari dira.

EAEko hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako agintariek prentsaurreko komun bat eskaini dute gaur eguerdian. Euskal Herriko pinadiak erasatan dituen gaitzaren aurrean lau erakundeak “elkarlanean” dabiltzala azpimarratu du Elena Unzueta, Bizkaiko Iraunkortasunaren eta Ingurumen Naturalaren Saileko foru diputatuak. “Seguru gaude denon arteko koordinazio hori dela arazoari bere dimentsio osoan aurre egiteko modurik onena eta eraginkorrena”, gehitu du. Hain zuzen, elkarlanean aritzeko konpromiso hori jasotzen duen erankundeen arteko adierazpen bat irakurriz hasi dute prentsaurrekoa.

Durangaldeko hainbat pinadiri —batez ere, pinus radiata espezieari— ere eragin die ‘banda marroia’ legez ezagutzen den gaitzak. Azaldu dutenez, pinadiei erasotzen dien onddoa ezohiko azkartasunez hedatu da udan eta udazkenean egin duen eguraldiagatik.

Arazoari aurre egiteko ekintza plana zehaztu dute. Neurrietako bat pinadiei oxido kuprosodun tratamendua ematea da. “Antzerako onddoekin beste herrialde batzutan eraginkorra izan den tratamendua da”, adierazi du Unzuetak. Plan hori aurrera eramateko Espainiako ministerioari baimena eskatu diote. "Ministerioaren onespena behar da aplikatu ahal izateko", zehaztu du. Tratamendua 2019ko udaberrian botatzea da aurreikuspena.“Zientifikoki egiaztatuta dago tratamendua sasoi horretan dela eraginkorrena”, gehitu du. Tratamendua hegazkinetatik botako litzateke.

Gaixotasunaren prebentzioa, tratamendu posibleak eta alternatiben bilaketa dira ekintza planaren zutarriak. Modu paraleloan aurrera eramaten ari diren arlo askotako neurriak jasotzen ditu. Gaitzak eragiten ez dien espezieak inportatzea da lan ildoetako bat. Pinadiak botatzeko tramiteak arintzea da beste neurrietako bat. Zehaztu dutenez, adituen laguntzarekin pinadi bakoitza aztertu beharko da, lehentasunak jartzeko eta beharrezkoak ez diren botaketak ekiditeko. Informazio guneak ere irekiko dituztela azaldu dute, informazioa emateko eta aholkularitza eskaintzeko.

Donostian eskaini duten prentsaurrekoak honako sailburu edo diputatuak batu ditu: Arantxa Tapia Ekonomiaren eta Azpiegituretako sailburua; Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatua; Eduardo Aguinaco, Arabako Nekazaritza saileko Foru Diputatua; Elena Unzueta, Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!