"Urte oso ona izan da, eta balorazioa oso positiboa da", adierazi du taldeko zuzendari Agurtzane Elorriagak. Eskualdeko taldeak 11 garaipen eskuratu ditu aurten, horietako bat UCI mailan. Horrez gain, Italiako Giroko bosgarren etapan hirugarren postua eskuratu zuten Arzuffi italiarragaz eta taldekako sailkapenean hamargarren izan ziren. "Taldeak Giroan gogor lan egin zuen eta merezimendu handiko postuak eskuratu zituen", esan du Elorriagak.
Etxeko lasterketetan ere maila ezin hobea erakutsi zuten Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeko txirrindulariek. "Nahiz eta aurrekontu aldetik talde xumeenetarikoa izan, errepidean talderik handienen pare gaudela erakutsi genuen", aitortu du zuzendariak.
Eskualdeko taldeak asteburu honetan emango dio amaiera denboraldiari, Italian. Amaiera gogoangarri bat emateko asmoagaz joango dira. Italian, Aroa Gorostiza elorriarra ere izango da. Elorriagaren hitzetan, Gorostizak denboraldi "oso ona" egin du. "Gaztea den arren oso ondo ibili da eta, lanerako orduan, ezinbestekoa izan da taldearentzat", aipatu du.
Bestalde, orain arte bezala harrobia indartzen jarraituko dutela jakitera eman du iurretarrak. "Datorren denboraldiari begira, eskualdean kadeteen talde berri bat sortuko da eta hori oso garrantzitsua da", amaitu du Elorriagak.