X. Banden Lehia abian da

Anboto 2018ko urr. 4a, 13:00

Azkue Fundazioak hamargarren aldiz antolatu du aurten Banden Lehia. Lehiaketak euskarazko musika sustatzea du helburu.

Lehiaketak fase bitan egingo da: lehenengoa, Interneten bidez. Taldeek izena emango dute Banden Lehia webgunean eta musika argitaratuko dute bertan. Erabiltzaileek botoa emango diete nahi duten taldeei eta boto gehien eskuratzen dutenak finalerako txartela lortuko du automatikoki. Era berean, epaimahaiak beste hiru banda aukeratuko ditu. Beraz, bigarren fasea, zuzeneko emanaldia, finala, lau taldek jokatuko dute Bilborocken, azaroaren 17an. Finalean ere publiko eta epaimahaiaren artean erabakiko dute irabazlea: publikoa, % 40; eta epaimahaia, % 60.      

Banden Lehian, euskaraz jotzen duen edozein taldek eman dezake izena. Eta urriaren 26a arte zabalik dago epea. Parte hartu gura dutenek www.bandenlehia.eus webgunean sartu behar da eta "parte hartu" botoia sakatu eta bertan agertzen diren pausuak jarraitu beharko dituzte.

Irabazleek ondorengo sari hauek irabaziko dituzte: lehenengoak Bilbao BBK Live eta Euskal Herria Sona'19 jaialdietan joko du eta disko bat ekoiztuko zaio; bigarrenak bideoklip bat filmatuko du; hirugarrenak Mundaka festival jaialdian joko du; eta laugarrenak 500 euro irabaziko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!