Ikasturte hasieran Eusko Jaurlaritzak hezkuntza sare publikoko bi urteko ikasleei eskola-garraioa murriztuko ziela jakitera eman zuen EH Bilduk eta horrek landa eremuan bizi diren hainbat familiei ezinegona eta hainbat arazo sortu dizkiela jakitera eman zuen. Egoera horren jakitun, Durangaldeko EH Bilduko hainbat alkate (Elorrio, Mañaria, Atxondo eta Izurtza) harremanetan jarri ziren herrietako ikastetxeekin, Eusko Jaurlaritzaren
Hezkuntza Sailera guraso eta ikastetxeetako zuzendaritzen ezinegona bideratu asmoz.
Asteon, berriz, Eusko Jaurlaritzak atzera egin eta zerbitzua eskaintzen jarraituko duela jakitera eman du. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren atzera egitearekin “pozik” agertu dira Idoia Buruaga, David Cobos, Endika Jaio eta Lorea Muñoz, Elorrioko, Atxondoko, Mañariako eta Izurtzako alkateak. Hala ere, arazoa konpontzetik urrun dagoela nabarmendu dute koalizioko kideek.Beraiek jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren arabera, baimena behin-behinekoa da eta 2019 urteko ikasturtean ekingo diote behin betiko irtenbide bat bilatzeari.
Hori horrela, eskola garraioa arautzen duen dekretua aldatzea eskatu diote jaurlaritzari. “Zerbitzua berrezartzeak ez du esan nahi arazoa konpondu denik. Seme-alaba horien hezkuntza eskubidea kolokan geratu da, garraio zerbitzua kenduz gero, kontziliazioa ia ezinezkoa delako lana duten gurasoentzat. Hori dela eta, aurtengo ikasturtean Eusko Jaurlaritzak hartuko duen erabakiaren zain egongo gara, ‘partxe’ honetatik haratago, bertan argituko baita zein den bere benetako jokabidea", bukatu du EH Bilduko kideek.