Pentsioen borroka zabalduko dute Adinekoen Egunean

Markel Onaindia 2018ko ira. 20a, 13:37

Urriaren 1a Adinekoen Nazioarteko Eguna izango da, eta Durangaldeko nagusien 14 elkartek egitarau bateratua aurkeztu dute Iurretan. Pentsioei buruzko berbaldia antolatu dute, eta aurretik, irailaren 28an, ibilaldiak egingo dituzte. Txomin Bengoa otxandiarrak abestia sortu du egunerako, eta gaur entsegua egin dute.

Aitor Urrutia Deustuko Unibertsitateko irakasle eta politologoak emango du hitzaldia, urriaren 1ean, 18:00etan, Jesuitak ikastetxeko Arrupe aretoan. Prentsaurrekoan adierazi dute "gizarte justuago" baten alde borrokan dabiltzala pentsiodunak, bai euren eskubideen alde eta bai ondorengoenen alde. Horregatik, aldarrikapen hori presente egongo da euren ekintzetan. 

Irailaren 28ko ibilaldiak bost lekutatik hasiko dira, eta denak Traña-Matienan elkartuko dira. Adinekoen sektorea "ikustaraztea" da euren ekintzen helburua, eta "karga bat" direnaren topikoa deuseztatzearen aldeko lana eskatu diete instituzioei eta komunikabideei. "Gizarte honen parte garrantzitsu eta aktibo bat" direla nabarmendu dute. Aurkezpenean Aitor Lopez Amankomunazgoko presidentea, Pilar Rios Durangoko alkateordea eta Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea ere egon dira. 

Hauexek dira ibilbideen hitzorduak:
Garai: 08:20 plazatik
Durango eta Iurreta: 08:50 Andra Maritik
Traña-Matiena: 09:05 eskoletan
Zelaieta: 09:00 San Trokaz lokaletik
Atxondo: 09:45 udaletxean
Elorrio: 09:00 plazatik
Zaldibar: 09:00 udaletxetik
Berriz: 09:35 probalekutik

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!