Mendibeltz talde berria sortzeko, jokalari bila ibili da hilabete batzuetan eta, azkenean, 12 lagun batu dituzte. Jokalari bi futbolean aritutakoak dira, Abadiñon eta Ezkurdin, hain zuzen. Gainerako jokalari denek lehenengoz probatuko dute futbola edo areto-futbola. Ligako estreinaldia atzeratu egin behar izan dute eta datorren eguaztenean izango da, 20:30ean, Landako kiroldegian, Leioa Ibaraki taldearen aurka.
Beti Gol sortu zenetik hona, gora egin duen taldea da eta urterik urtera emaitza hobeak lortzen ari da. Zornotzako taldeak ere etxean hasiko du denboraldia. Zapatuan izango da, 18:00etan, Bilboko Stilo Kirol Klubaren aurka.
Elorrioko Buskantza Etxelan Inmobiliariak taldeak ilusioz ekingo dio denboraldiari. Emakumeen areto-futbola bueltan da Elorrion urtebeteko hutsunearen ostean.
Sasikoa azken unera arte saiatu da taldea osatzen. Martitzenean, klubeko ordezkariak lagun artean futbolean aritzen diren neska talde bategaz batu ziren, baina ezin izan zituzten konbentzitu. Datorren urtean taldea berreskuratzen saiatuko dira.