Jaio da 'Ttap', aldizkari digital interaktiboa

Goiena 2018ko uzt. 26a, 23:27

Euskarazko aldizkari digital interaktibo berriaren zero zenbakia aurkeztu zuten, Donostian, atzo arratsaldean. Aldizkari digital berria elkarlanaren emaitza da, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlana hain zuzen ere, eta hainbat komunikabideren artean sortu dute: ANBOTO (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), TOKIKOM eta Esguard aldizkaria (Bartzelona).

Ttap aldizkari digital berria ezagutzeko Donostiako Keler eraikinean elkartu zen euskal kulturaren eta komunikazioaren munduko ordezkaritza zabala, besteak beste, Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria Gipuzkoako Foru Aldundian; Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua, Germá Capdevila Esguard aldizkariko zuzendaria; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; eta Arantxa Urretabizkaia, idazlea.

Zero zenbakia aurkeztuta gaur, irailean itzuliko da Ttap. Asteroko maiztasuna izango du, eta %100 digitala da, telefono mugikorretik eta tabletetik irakurtzeko.

Erabat multimedia da, gainera, Ttap, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu: testuekin batera bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak eskainiko dira. Hortaz, irakurri ez ezik, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke.

Gertuko gaiak

Ttap-ek gertuko gaiak landuko ditu, modu erraz eta azkarrean kontsumitzeko moduan. Zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, ordu laurden batean irakurtzeko moduan. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak beti izango ditu audio eta bideo elkarrizketa luzeagoak, "mimo handiz egindakoak".

Aldizkariak, gainera, bi edizio izango ditu bata Gipuzkoakoa eta bestea Bizkaikoa, eta horiek egiteko kolaboratzaile zerrenda zabala eta anitza, besteak beste, Pilar Kaltzada, Ander Izagirre, Izaro Andres, Arantza Urretabizkaia, Joseba Sarrionandia, Arantza Santesteban eta Joseba Barandiaran.

Hainbat komunikabideren artean

Aldizkari digital berria elkarlanaren emaitza da, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlana hain zuzen ere, eta hainbat komunikabideren artean sortu dute: Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), TOKIKOM eta Esguard aldizkaria (Bartzelona).

Ttap-en oinarria den Esguard aldizkari digitalak sei urteko ibilbide oparoa du Katalunian: denbora horretan, 300 zenbakitik gora argitaratu ditu, eta astero-astero 15.000 deskarga inguru izaten ditu.

 

 

Zero zenbakia jasotzeko

Zero zenbakia jaso nahi duenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskarga ditzake. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta zero zenbakia zein aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik.

Aldizkari berriaren jaiotza ospatzeko, zozketa berezi bat ere prestatu dute argitaratzaileek: abuztu bukaera bitartean, aukera izango da SPC Heaven tablet baten zozketan parte hartzeko, aplikazioa deskargatuz eta haren berri emanez, ttap.eus webgunean dauden pausuei jarraituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!