Zornotzako eta Mallabiko eskolak batuta, 12 dira Berton Bertokoa dinamikako ikastetxeak

Markel Onaindia 2018ko eka. 27a, 19:55

Durangaldeko eskola publikoetan bertako eta sasoiko produktuak jatearen aldeko Berton Bertokoa dinamika 12 ikastetxek osatzen dute dagoeneko. Durangon, ikasturtearen balorazio lez egindako prentsa agerraldian eman dute horren berri.

 

Maiatzean erreibindikazio ekintzak egin berri dituzte, Atxondon kateringari astebetez egindako plantoa kasurako. Eskola kontseiluen eta hainbat eragile sozialen babesaz aparte, eskualdeko alderdi politiko guztien atxikimendua edukitzea ere nabarmendu dute.

Sukaldeetan, aurrerapauso bila
Duela hile batzuk katering enpresekin batzartu ziren Berton Bertokoako kideak, Urkiola Landa Garapenaren bitartez. Aste Santutik ikasturtea amaitu bitartean, sukaldea zuten ikastetxeetako menuetan bertako produktuak sartzen hasteaz berba egin zuten, baina asmo hori ez ei da bete, agerraldian azaldu dutenez. "Irailean berriren bat izatea espero dugu. Hitzetatik ekintzetara pasa daitezen nahi dugu", diote.

Bestalde, Durangoko Zabalarran, Iurretako Juan Orobiogoitian, eta Atxondo eta Zaldibarko eskoletan ez dute sukalderik. Azpiegiturak bermatzea eskatu dute Eusko Jaurlaritzan eta udaletan. Atxondo da ildo hori aurreratuen daramana, Jaurlaritzak proiektua egina duelako eta udalak ere diru-laguntza bermatu duelako. Beste hiruren kasuan, Hezkuntza Sailak aurreikuspena egiteko talde teknikoak bidali zain daude. Durangon ez dute momentuz udalaren erantzunik, Iurretan batzartzekotan daude, eta Zaldibarren udalaren babesa lortu dute. "Indarra egin behar izan dugu, udalen aldetik ez baitago jarrera proaktiborik", esan dute agerraldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!