“Astebeteko planto hau egitea oso garrantzitsua zen guretzat. Honek oihartzun garrantzitsua izango du catering zerbitzuan. Esaterako, diru zati bat itzuli beharko dute, eta Atxondon gurasoak mugitzen gabiltzala konturatuko dira”, adierazi dute Udane eta Larraitz Agirrek. Hala ere, jantokian astebeteko plantoa egitea erraza ez dela eta hainbat sakrifizio egin behar izan dituztela aitortu dute Atxondoko Guraso Elkarteko kideek. “Atxondon zortea dugu, guraso elkartea talde handi eta dinamikoa delako; bakoitzak ahal duen moduan egiten du bere ekarpena. Batzuk, esaterako, oporrak hartu ditugu txandak egiteko, eta beste batzuk egun guztian hemen daude dena antolatzen”, adierazi du Udane Agirrek.
Goizean goiz hasi dira asteon lanean Atxondoko gurasoak, bazkaria prestatu, mahaiak jarri eta 12:30erako, umeak eskolatik irteten direnerako, dena prest izateko. Aste guztian zehar bertako eta sasoiko produktuak jango dituzte Atxondoko umeek. “Erosketak herriko komertzioetan egin ditugu eta produktuak inguruko ekoizleei erosi dizkiegu. Bertako eta sasoiko produktuekin bazkari osasuntsu eta gozoak egin daitezkeela erakutsi dugu”, esan du Larraitz Agirrek.
Gurasoen borondate eta lanerako gogoaz gain, atxondar askoren laguntza izan dute plantoa egiteko. Esaterako, gaur Akebaso jatetxeko sukaldariak prestatu du jatekoa; eta barikuan, Etxoste jatetxekoek emandako txahalagaz gisaua egingo dute. “Inguruko jendeak asko lagundu digu eta herria gugaz daukagula badakigu”, aitortu du Udane Agirrek. “Gainera, herriko politikarien babesa ere badugu. Hala ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da, eta lehenbailehen sukalde bat jarri behar da”, amaitu dute.