“Laguntasuna emateko gogoa baduzu, suhiltzailearena satisfakzio handia ematen duen lana da”

Jone Guenetxea 2018ko eka. 22a, 12:45

Muturreko egoerak bizitzera ohituta daude Iker Mendizabal eta Roberto Mendibil suhiltzaileak. Suteak, erreskateak, istripuak zein uriolak, laguntzeko prest izaten dira beti. Iurretako suhiltzaileen parkeko ateak zabaldu dizkiote ANBOTOri, ogibide honen atzean dauden pertsonen bizipenak ezagutzeko.

Zelan erabaki zenuten suhiltzaile izatea?
Roberto Mendibil: Txikitatik buruan nuen gauza bat izan zen. 1993an, urte bi lanean egon eta gero, Gipuzkoan plazak irten zirela jakin nuen lagun baten bitartez, eta apuntatu egin nintzen. Sasoi hartan beste profil bat eskatzen zuten. Lehenago ikasketetan eskaera baxuagoa zen eta behargin profila gura zuten. Ofizioei garrantzi handia ematen zieten.
Iker Mendizabal: Gaztetatik gura izan dut suhiltzaile izatea. Etxean lehengusu bat suhiltzailea da eta bestea sarjentua. Beraz, etxean ere ikusi dut, eta horrek bidea zabaldu dit. Ikasten hasi nintzen lehenengo oposaketa 2013an egin nuen. Interino moduan hasi nintzen, Basaurin.

Proba gogorrak direla diote.
I.M.: Asko aldatu da. Lehen ofizioak eskatzen ziren. 2006an eta 2009an, berriz, supergizonen profila eskatzen zuten. Orain, teorikoaren maila oso altua da eta lehia handia dago. Fisikoki sasoian bazaude eta orekatua bazara, egin daitezke. Proba denak gainditu behar dira. Igerian, korrika…
R. M.: Ikasketetan asko igo da maila. Erdi mailako ikasketak eskatzen dituzte, baina ingenieritzako maila izaten da. Fisikan eta kimikan ezagutza handia izan behar duzu.

Lanean hasterakoan, zein sentsazio izan zenuten?
R.M.: Urte asko pasatu dira. Hala ere, gogoan dut hasieran gogotsu nengoela irteerak egiteko, tentsioan nengoen. Gero, esperientziagaz lasaitu egiten zara.
I.M.: Ni Basaurin hasi nintzen. Urte bi egon nintzen, interino legez. Hasieran parkean egotea eta txirrina entzuteko zain egotea gogorra da. Ez daukazu esperientziarik. Gainera, hemen denetarik egiten da. Badaude irteera errazak, baina baita konplikatuagoak ere. Nire esperientzia oso ona izan zen. Hasieran irteera txikiak egin nituen eta gero, zailagoak. Lankideek ere asko lagundu zidaten.

Lehenego irteera konplikatua gogoratzen duzu?
I.M.: Istripu bat izan zen, Gorbeiako parking batean. Jubilatu kuadrilla bat zen. Autoa bidetik irten zen. Kamioiagaz igotzea zaila zen eta pertsona bat barruan harrapatuta zegoen.
R.M.: Hainbeste urtean lanean arituta, estuasun asko ahaztu egiten dira. Eta eskerrak!
Roberto, irteera  motak asko aldatu dira azken urteetan?
Kotxeak asko hobetu dira. Gutxiago geratzen dira barruan harrapatuta. Lehen, edozein kolpe txikigaz geratzen zen jendea harrapatuta, Durangoko herrigunean bertan. Kotxe zaharrak ez ziren hain seguruak. Orain norbait barruan harrapatuta geratzen bada, kotxetik ateratzea zailagoa da, autoak gogorragoak direlako.

Suteak dira izaten dituzuen irteerarik arriskutsuenak?
R.M.: Txarrena pertsonak arriskuan daudela ikustea da. Hildakoak badaude, gogorra da, baina bizirik daudenekin larritzen gara gehien. Behin, Arrasaten, dozena bat pertsona enpresa bateko sutean harrapatuta gelditu ziren. Eskaileragaz ateratzera joan ginen, baina txanda bakoitzean hiru hartu nitzakeen. Jendea urduritu egiten da, eta guk tentsio hori kudeatu behar dugu. Sustoa izan zen, baina dena ondo irten zen.
I.M.: Su industriala entzuten dugunean erne jartzen gara denok. Zailtasunak gerta daitezkeela duzu buruan. Etxeetako suteak errazagoak dira kontrolatzen, eraikinik gehienak estandarrak direlako. Enpresek, aldiz, produktu arriskutsuak izan ditzateke. Itsu-itsuan joan zaitezke.

Suhiltzaileen lana oso zabala da. Suteez eta istripuez gainera, beste inork egin ezin ditzakeen gauzak egiten dituzue.
R.M.: Araututa ez dauden gauzetan suhiltzaileek zer edo zer asmatuko dutela pentsatzen dute denek. Asiako liztorragaz ere hasi ginen. Orain Bizkaiko Foru Aldundiaren esku gelditu da hori eta guk arriskutsuak izan daitezkeen eremuetan dihardugu. Beste kasu asko ere egoten dira. Pertsona batzuk ezin dira euren etxeetatik irten, ezin dituztelako eskailerak jaitsi edo atetik ez direlako kabitzen, eta leihotik atera behar izaten ditugu. Denetarik dago.
I.M.: Sute eta istripuetan espezializatuta gaude. Baina, kasu askotan, inork erantzun ezin duen kasuetan ere geu joaten gara. Ahal duguna egiten dugu. Mendiko irteeretan ere bagabiltza Ertzaintzagaz elkarlanean.

Irteera asko animalien erreskateak izaten dira. Traña-Matienan txahal bat erreskatatu zenuten orain aste batzuk.
I.M.: Bai,  txahal bat arketa batean harrapatuta gelditu zen Traña-Matienan eta komeriak egin genituen handik onik ateratzeko.
R.M.: Hirietan gehiago, herrietan baino. Hirietan atoan deitzen dizute etxeko animaliaren bat dela-eta.

Arrisku handiko lana duzue. Hala ere, zenbat bider entzun duzue "Ze ondo bizi zareten"?
I.M.: Suhiltzaile sartzen denaren motibazioa lana bera da. Normalean, pertsona aktiboak gara, eta bokazioa dugu. Hemen egun batzuetan lasaiago egon zaitezke, baina beste egun batzuetan egoera zailak bizi ditugu.
R.M.: Ondo bizi gara, baina momentu gogorrak pasatzen dira. Denbora ere behar dugu beste gauza batzuetan pentsatzeko. Pare bat bider ikusi dut nire bizia arriskuan, eta lana uztea  ere pentsatu nuen. Kasu askotan, geu gara azkenak heltzen, baina egoera konpondu behar dugu. Guk ezin dugu esan "Datorrela beste bat".

Psikologikoki prestatzen zarete egoera latz horiei aurre egiteko?
I.M: Psikologo bategaz mintegia izan genuen eta esan zigun kontuz ibili beharra dagoela. Guk bizi ditugun egoera horiek, nahiz eta norbera ez konturatu, zauri txikiak eragiten dituzte. Horiek kudeatzen ere jakin behar da.

Arrisku handiko ogibide hau zelan bizi dute etxekoek?
I.M: Nik ez dut asko kontatzen etxean. Momentuz, pozik daude plaza atera dudalako (barrez).
R.M.: Normalean, ez dugu komentatzen. Inoiz gaia irteten bada, kontuz ibiltzeko esaten didate.

Hasiberria eta beteranoa zarete.  Talde lanak zein garrantzia dauka zuentzat?
I.M.: Hemen ikusi dut mundu guztiak duela irakasteko gogoa.  Beteranoagoek esperientzia handia dute. Talde lana oso garrantzitsua da, eta goazen lekura goazela ere, elkar babestea ezinbestekoa da. Taldea ahalik eta sendoena bada, gu ere segurtasun handiagoaz ibiliko gara.
R.M.: Taldean harreman ona izatea garrantzitsua da. Taldekideengan konfiantzarik ez baduzu, galduta zaude. Zer edo zer oker badoa, atzean baten batek helduko zaituela jakitea ezinbestekoa da.

Muturreko egoeretan jendeari laguntzen diozuenean, zer sentitzen duzue?
R.M: Laguntasuna emateko gogoa baduzu, suhiltzailearena satisfakzio handia ematen duen lana da. Jende asko etorri izan zaigu parkera egindako lana eskertzera.
I.M.: Igorren neska batek istripu larria izan zuen eta ateratzera joan ginen. Bere ama etorri, eta bere alaba ospitalera bisitatzera joateko eskatu zigun. Joan ginen, eta neska animatu eta aulkitik zutuntzen ikustea pozgarria izan zen. Errehabilitazioa amaitzen duenean parkera bisitan etorriko zaigula esan zigun. Lehengoan Markinako parkera joan nintzen eta istripua izan zuen pertsona bat eskerrak ematera etorri zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!