Duela 400 urte Durangaldean izandako sorginkeria zigorrengatik barkamena eskatuko dute

Jone Guenetxea 2018ko eka. 7a, 09:05
Astolako kartzelan egon ziren sorginkeria egotzitako emakumeak.

1618ean, Astolako kartzelan sorginkeriaz salatuta zeuden azken emakumeak askatu zituzten. Zapatuan 12:00etan Gerediagako foru zelaian izango den ekitaldian barkamena eskatzeko manifestu bat sinatuko dute ordezkari politikoek.

Gerediaga Elkarteak antolatutako Merinalde Egunean, orain 400 urte sorginkeria salaketak erabiliz eskualdeko agintariek ipinitako zigor neurriak gogoratuko dituzte eta ondorengoei kalte-ordain modura barkamena eskatuko zaie, berdintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatuz. Ekitaldian Durangaldeko udaletako, Amankomunazgoko eta Batzar Nagusietako ordezkariek parte hartuko dute. 

Duela 400 urte, elizak onartuta zeukan Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramurdiko
epaiketaren ostean egindako txostena. Sorginekeria gizarte ez-jakintsu baten mito, beldur eta antzeko egoeren ondorioa zela aitortu zuen. Hala ere, Durangoko Merinaldeko agintariek ez zituzten elizaren korronte berriak jarraitu eta gizarteko uniformetasun sozial, politiko eta erlijiosotik kanpo zeudenak zigortzen jarraitu zuten. Azpimarratzekoa da, 1617ko irailaren 3an, Durangoko Merinaldeko fidelek (alkateek), Gerediagako Batzarretan bilduta, sorginen kontrako neurriak hartu behar zirela erabakitzea. Baina, 1618ean, Astolako kartzelan sorginkeriaz salatuta zeuden azken emakumeak askatu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!