Musala, Vijren eta Balaitus mendiak eskualdeko mendi taldeen udako proposamenak

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 7a, 17:00

Euskal Herrian mendirako zaletasun handia dago eta Alpino eta Erdella mendi taldeak, besteak beste, zaletasun hori indartzen dabiltza Durangaldean. Aurten ere, azken urteetan bezala, mendiak aitzakia hartuta mundua ezagutzeko aukera izango dute.

Durangoko Alpino Tabira Mendi Klubak Bulgariara irteera antolatu du uztailaren 31tik abuztuaren 14ra. Abuztuaren 2an, esaterako, 2.925 metro dituen Musala mendira igoko dira; abuztuaren 6an, 2.914 metro dituen Vijren mendira; eta abuztuaren 8an, 2.851 metro dituen Polezhan mendira.

Mendi irteera horiez gain, beste hainbat irteera ere egingo dituzte, eta Bulgariako hainbat toki ikusteko ere baliatuko dute.

Alpino Tabirako kideek jakitera eman dutenez, dagoeneko Bulgariako irteerarako 30 plazak beteta daude. "Oso pozik gaude jendeak izan duen erantzunagaz. Izen-ematea zabaldu eta ordu gutxitan plaza guztiak bete ziren", jakinarazi dute Alpino Tabirako kideek.

Erdellakoak, Pirinioetara
Elorrioko Erdella Mendizale taldeko kideek Pirinioetara antolatu dute irteera, uztaileko bigarren astebururako. Erdellakoen asmoa 3.145 metro dituen Balaitous mendira igotzea izango da. Edu de la Cruz Erdella Mendizale Taldeko presidenteak jakitera eman duenez, mendi irteera honetarako izen-ematea ekainean zabalduko dute, eta hamazortzi pertsonarentzako tokia egongo da gutxi gorabehera.

Hala ere, Pirinioetarako irteera ez da Erdellakoek uztailerako antolatu duten irteera bakarra. Uztailaren 15ean, Villasana de Menatik Artziniegara txangoa egingo dute, eta uztailaren 21etik 22ra arroilen jaitsira egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!