'Adarra eta Ekaitza', 'Itzala eta Tximistargia', 'Olatuaren Gaua' eta beste hainbat oleogaz 10 aleko erakusketa osatu du, eta itsasoak eragiten dizkion sentimendu eta pentsamenduak islatu ditu bertan. "Itsasoaren argi-ilunak jasotzen saiatu naiz", adierazi du Arrutik. Pista hori emanda, nahiago du bere motibazioetan sakondu baino, bisitariari bere bidaia propioa egiten utzi. "Nork bere esperientzia bizi dezala gustatzen zait, bakoitzak bere interpretazio pertsonalak egin ditzala", azaldu du Milanen, Londresen, Madrilen eta New Yorken diseinu eta arte ikasketak egin dituen donostiarrak. Erakusketa Nautilus aretoan dago ikusgai, 17:30etik 19:30era, eta sarrera doakoa da.
Ozeanoen Nazioarteko Eguna
Ekainaren 5a eta 8a Ozeanoaren Nazioarteko Eguna eta Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna dira, hurrenez hurren. Ildo horretatik, itsasoa eta bertako aberastasuna zaindu beharreko altxorra direla gogoratzeko tailerra egingo dute ekainaren 9an. Egun horretan, 10:30etik 13:30era, botilak eta plastikoak etxeko apaingarri bihurtuko dituzte, uretako landareen itxura emanda. Adin guztietako bisitariei bideratuta dago eta Aquariumean egun horretako sarrera erostea nahikoa da parte hartzeko.
Udara begirako beste ekimen batean, hondartza irudikatzen duen eszenografia bat jarriko dute Donostiako badiarantz ematen duen begiratokian. Mikroskopio, lupa eta bestelako errekurtsoen bidez badian bizi den faunari eta florari gertuko begiratua eman ahalko zaio. Ekimen honen zein bestelakoen informazio gehiago 943 44 00 99 telefonoaren bidez jaso daiteke.