Oinezko AEK Ibiltaria Ipar Euskal Herritik ibiliko da uztaileko bi astean

Joseba Derteano 2018ko eka. 6a, 11:10

Aurten ibilbide berriekin datoz AEK ibiltari biak: bai oinezkoa, bai bizikletaz egitekoa. Oinezkoa Ipar Euskal Herritik egingo dute ia osorik eta hango bazterrak ezagutzeko aukera eskainiko du. "Aspaldi buruan genuen zerbait da eta ikasleek eurek ere eskatua ziguten", adierazi du Asier Arroita AEK Ibiltariko antolatzaileetako batek.

Aurtengo aldia —uztailaren 16tik 29ra— Hondarribian hasi eta Izaban amaituko da, Hiru Erregeen Mahaia igo ostean. Egun batzuetan hango baserritar batzuekin egongo dira, baserri munduko ohiturak ezagutzeko. Uztailaren 20an, Baigorrin, afari musikatua egingo dute, bertako herritarrek antolatuta. Hiru barnetegi batuko dira bertan: AEK Ibiltari biak eta Urepeleko barnetegia. Ekimen horiez gainera, 15 egunean Ipar Euskal Herriko mendiak, arroilak eta txoko bereziak ezagutzeko aukera eskainiko dute.

Bizikletako barnetegi ibiltariari uztailaren 16an ekingo diote, Deban, eta Etxarri Aranatzen amaituko dute 15 egun geroago. Urbasako parke naturala, Iratiko oihana eta Sakana eskualdeko bazterrak ezagutuko dituzte, besteak beste. Uztailaren 17ko hirugarren etapa Otxandion amaituko da. Han lo egingo dute, hurrengo etapari ekin aurretik.

Izen-ematea aste birako zein baterako
Barnetegi bakoitzak 530 euro balio du osorik eginez gero, eta AEKren webgunean egin daiteke izen-ematea. Aurten berrikuntza bat gehitu dute arlo honetan. Ibiltari osoa egin ezin duenak astebeterako eman dezake izena, ibilbide batean zein bestean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!