Bilbon erroldatutako 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaroak dira. B-Tuber egitasmoaren helburu nagusia euskarazko bideoen sorkuntza bultzatzea da. Horretarako formazio saio horietan youtuber plataforma zer den eta euskarazko bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko gomendioak eskainiko zaizkie gazteei. Ane Atxutegi youtuberrak gidatuko ditu saioak. Ikastaro praktikoak eta dibertigarriak izango dira.
Bi eguneko eta launa orduko ikastaroak izango dira. Lehenengo saioan youtube kanal bat zer den ikasiko dute gazteek eta youtuber ona izateko gomendioak jasoko dituzte. Eduki, maiztasun, genero edo eredu kontuak landuko dituzte. Grabaketa egokiak zelan egin ere ikasiko dute. Saio amaieran nork bere youtube kanala sortuko du. Bigarren egunean bideoak grabatzen, editatzen eta kanalera igotzen ikasiko dute gazteek. Gainera, Twin Melody ahizpen esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.
Ekainaren 8ra artekoa da izen-ematea formulario baten bidez. Formularioa bera zein eskaintza honen inguruko argibide gehiago eskuragarri daude azkuefundazioa.eus atarian, B-Tuber izeneko sarreran.