Zelan joan da Espainiako Kopa?
Ondo. Pistako Munduko Txapelketaren ostean, atsedenaldi txiki bat hartu nuen eta, egia esan, errepideko nire lehenengo lasterketera, Espainiako Kopara, nahiko berde iritsi nintzen. Emaitzak oso onak izan ziren arren, fisikoki kostatu egin zitzaidan. Baina, asteek aurrera egin ahala, gero eta hobeto ikusi dut neure burua, eta lehenengo karreretan lortu nuen abantailari eusteko gai izan naiz.
Azken lasterketan eroriko bat izan zenuen arren, seigarren postuan amaitzea lortu zenuen.
Errepidea oso gaizki zegoen, urak hartuta, putzuz beteta. Halako batean, ur baltsa bat pasatu genuen. Aurreko gurpilak irrist egin, eta lurrera jausi nintzen. Baina segituan altxatzea lortu eta Ireneren —ahizpa— laguntzagaz tropelean sartu nintzen.
Taldekide bakarra ondoan duzula, Movistarri eta beste talde handiei irabazi diezue.
Guretzat oso pozgarria da hori. Horrelako talde handiekin lehian aritzea oso zaila da. Lasterketa guztietan hamar-hamabost txirrindulari izaten dituzte, eta beraientzat errazagoa da ihesaldi onak hartzea, tropeletik tiratzen jartzea... Alde horretan, gu oso mugatuta gaude. Lasterketetan, bihotza bero izaten dugu, baina halakoetan burua hotz izaten saiatzen gara, momentu egokietan erabaki onak hartzeko.
Abuztu amaieran, pistako Europako Txapelketa izango duzue. Dagoeneko horretan zentratuta zaude?
Errepidean lehiatzen egon arren, gure helburu nagusiak beti pistan daude. Errepideko lasterketa hauek entrenamendu gogorrak egiteko erabiltzen ditugu. Orain bidaia batzuk egingo ditugu, pistan lehiatu behar dugulako, eta baita Munduko Kopan egoteko aukera izateko ere. Gainera, Munduko Txapelketan berriro egotea dut helburu.