A-8ko bidesarien aurkako plataforma Europara jotzea aztertzen dabil, doakotasuna eskatzeko

Markel Onaindia 2018ko mai. 30a, 14:02
Juan Carlos Poderoso gaur Durangoko Pinondo Etxean emandako prentsaurrekoan.

ELA, LAB, ESK, STEILAS eta UGT sindikatuek atxikimendua adierazi diote bidesariaren doakotasun eskariari.

A-8 autobideko bidesarien aurkako plataformak borrokan jarraitzen du, eta Europara jotzea aztertzen dabil, doakotasuna erreklamatzeko. Bidesarien politikagaz Durangaldeko eta Lea Artibaiko herritarrak "diskriminatzen" dituztela uste dute, Bizkaiko gainerako eskualdeak aintzat hartuta. Arrazoi horregaz, Europako instituzioen laguntza eskatuko dute, eta prozedura hori zelan egin aztertzen dabiltza uneotan.

Juan Carlos Poderoso plataformako kideak gaur eskainitako prentsaurrekoan iragarri du euren asmoa. Berez, sindikatuek erakutsitako babesaren berri emateko deitu dute prentsaurrekoa. Izan ere, ELA, LAB, ESK, STEILAS eta UGTk atxikimendua adierazi diote plataformak doakotasunaren alde daraman dinamikari. Adierazpen bateratua sinatu dute denek. "Gure erakundeetatik uste dugu langileak direla guzti honen aurrean kaltetuenak, gaur egun ditugun produkzio ereduak mugikortasunean oinarritzen baitira". Poderosoren ustez, "diskriminazioa argi" ikusten da langileen kasuan. "Bide azkarra erabiltzeagatik ordaintzen dute, edo prekarioa, arriskutsua eta deserosoa den N-634a erabiltzen dute, dio plataformako kideak. Gainera, zergak ere ordaintzen direnez, Durangaldekoek autobidea birritan  ordaintzen dutela kritikatu du. Bere arabera, Aldundiak 39 milioi euroko etekina izan zuen iaz, eta "autobidea amortizatuta" dago.

Plataformak 25.000 sinadura batu ditu dagoeneko, eta uztailaren 7an karabana edo auto-ilara bat egingo du protesta lez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!