“Bizitzan ez diegu gol askorik sartu estatuari eta armadari, eta intsumisioarena garaipen txiki bat da”

Markel Onaindia 2018ko mai. 18a, 09:54
Argazkia: Lehior Elorriaga

Intsumisoak ziren, eta oraindik ere hala sentitzen dira. Azken hamarkadetako borroka sozial handienetako baten hiru protagonista dira Iñigo Mendibil Arando (Elorrio, 1971), Zigor Murgoitio Gaztelurrutia (Elorrio, 1971) eta Haritz Leanizbarrutia Urizarbarrena (Berriz, 1973).

Armadari uko egiteko jarrera lehenago piztu zen arren, orain 25 bat urte egin zuen eztanda, 1993 eta 1995 artean. Batzuk objektore egin ziren, beste batzuek hirugarren gradua onartu zuten —lotara joaten ziren kartzelara—, eta espetxean sartuta borrokari indar itzela eman zioten hainbatek. Hirugarren graduan egon zen Laanizbarutia, eta bigarrenean Mendibil eta Murgoitio.

Soldadutza egiteko gutuna heldu zitzaizuen, eta ezezkoa eman zenuten. Bizitza markatu zizuen bide bat hasi zen orduan.
Zigor Murgoitio: Nik 1994an eduki nuen epaiketa. Kakitzat elkartean nenbilen, eta gure estrategia kargu guztiak onartzea zen. Ez nuen hirugarren gradua onartu. Izan ere, estatuari eta armadari ez zitzaien komeni bigarren graduko presorik egotea. Hamaika hilabetez egon nintzen barruan. Garesti ordaindu genuen, baina hemendik ikusita, satisfazio txiki bat da. Azken batean, bizitzan ez diegu gol askorik sartu estatuari eta armadari, eta intsumisioarena garaipen txiki bat da. 90eko hamarkadan gizarte mugimenduen eztanda bat egon zen: antimilitarismoa, feminismoa, ekologismoa, gaztetxeak... Bestalde, azpimarratzekoa da nafarrena. Izan ere, bigarren graduan 100 preso egotera heldu ziren.
Iñigo Mendibil: Nik garbi neukan ez nuela soldadutzara joan gura, eta inondik inora ere ez nuen ikusten nire burua Espainiako armadan soldadu. Ferrolera joateko gutuna heldu zitzaidan, itsas armadara.  Handik urte bira etorri zen epaiketa deialdia, eta ez joatea erabaki nuen. Ordurako, Zigor espetxean zegoen. Atxilotze aginduaren aurrean, nire atxiloketa behartzeko ekintza bat prestatu genuen Durangon. Pintada bat egin nuen Ertzaintzaren komisariaren kanpoaldean. Kartzelaldiko lehen gaua oso gogorra izan zen, bere buruaz beste egiten saiatu zen yonkee bategaz ipini ninduten eta. Flipatu egin nuen. Kanpotik polita zen kartzela, baina barruan benetakoa zela konturatu nintzen.
Haritz Leanizbarrutia: Gutuna heldu zitzaidanean, ez joatea erabaki nuen; Iñigok esan duen moduan, oraindik eta gutxiago Espainiako armadara. Objektoreen aukera ere bazegoen, baina ez nengoen ados; guztiz intsumisoak izan behar genuela uste nuen. Epaiketa egunean, Berrizko alkatea, Xabier Amuriza eta beste hainbat ere etorri ziren. Horrelako babesa edukitzea itzela izan zen niretzat. 1995eko martxoa zen. Urtebete eta hile bi egon nintzen kartzelan. Heldu nintzenean, gutxi geunden, Parabellumeko baxu-jotzailea eta beste hiru bat; lehenengoan ere bazeuden batzuk. Gero, hirugarren graduan sartzen eta sartzen hasi ziren. Irteterakoan, zeldetan sei litera zeuden, eta hiru pisu gorantza! Sasoi hartan zenbat antimilitarista zeuden, eta orain ze gutxi, inoiz baino okerrago gaudenean!

Kartzelan sartu eta irten ibili zinen, ezta, Iñigo?
I.M.: Intsumisioaren kontuagaz hiru bider sartu ninduten kartzelara. Lehena 1995eko urrian, epaiketara arte. Gero, espetxera sartzeko eguna ipini zidaten, hirugarren graduan. Ehunka geunden han gauez lo egiten. Aste bi-edo egin nituen, planto egitea gura nuen eta. Borroka nabarmentzeko, bigarren gradura sartzeko prest nengoen. Hasieran ekintzetan aurkezten nintzen, baina ez ninduten barrura eramaten, eta utzi egin nuen. Azkenean, 1997an dagoeneko, atzetik segika nituen, eta aurkeztu egin nintzen. Barakaldoko beste intsumiso despistatu bat topatu nuen kartzelan, eta biok bakarrik geratzen ginen. 1998ra arte egon nintzen. 7 hilez intsumiso bakarra izan nintzen. Gero, epaiketa bat eduki nuen, hirugarren gradua apurtu nuelako eta Durangon pintada bat egin nuelako, eta jada 2000. urtean, beste 40 egun egin behar izan nituen Basaurin.

Mugimendu oso baten parte zineten. Taldeak sortu ziren, ekintzak, Intsumisio Egunak... Babes handia zenuten.
H.L.: Berrizen talde bat sortu genuen. Batzar batera deitu nuen, eta taldearen izena eta izaera bertan erabakitzea pentsatu nuen. Jende mordo bat agertu zen, baita neska asko ere. Mutil batzuek objektore izan gura zuten, beste batzuek intsumiso... Beraz, Berriz Intsumiso eta Objektore Antimilitaristak deitzen zen taldea sortu genuen. 15 bat lagun elkartu ginen. Intsumiso edo objektore izatea hemen erraza zen, ze tsunami bat izan zen. Babes handia geneukan. Horrela, denek esaten zuten ez zirela soldaduskara joango.
I.M.: Elorrion ere intsumiso taldea sortu eta hainbat pertsona elkartu ginen, ezker abertzalekoak, Kakitzatekoak... Lokaltxo bat hartu genuen gaztetxe gainean, eta paperak-eta betetzen genituen bertan. 1993tik 1995 ingurura, ia hilero etortzen zen norbait paperak betetzen. Soldadutzara joatea oso arraroa bihurtu zen.
Z.M.: Euskal Herrian 9.000 gazte zeuden epaiketa zain une batean. Estatu osoan ere iheslari piloa egon zen. Gauza lehendik zetorren errenka. Kalean babes sozial eta politiko handia geneukan. Alderdi ia guztiak zeuden intsumisioa despenalizatzearen alde. Ez da guztiz egia ere tantoa guretzat zenik; Europan armadak profesionalizatzen zebiltzan, eta derrigorrezko soldaduska zerbait zaharkitua bihurtzen zihoan. Guk azkenengo kolpea eman genion.
I.M.: Gaur egun alderdi guztiek zerbait sinpatikoa lez ikusiko dute, baina garai hartan askok beldurrez hartzen zuten. EAJk, adibidez, armada Irakera joateko aldeko botoa eman zuen; eurek ere edukiko zituzten kontraesanak.

Gizarte eta herri mugimenduak oso bizi zeuden sasoia zen. Ekintza sozialaren bidez gauzak aldatu zitezkeela sinesten zenuten, ezta?
I.M.: Hertzainak taldeak Hau dena aldatu nahi nuke abesten zuen sasoi hartan. "Neuk ere zerbait egin beharko dut aldatzeko, bada!", pentsatzen nuen. Gaztetxeak ere ez ziren etorri administrazioak eman zituelako, gazteek okupatu zituztelako baizik. Zegoen desobedientzia jarrera nabarmentzekoa da.
Z.M.: Haritzek dioen lez, neska asko ere etortzen ziren. Feminismoagaz lotuta zegoen. Azken batean, zer da armada? Patriarkala, autoritarioa... Balio matxista guztiak ditu.

Oraindik intsumiso sentimendua barnean al duzue?
I.M.: Sentimendu handia dut, eta espetxetik pasatzeak asko markatu ninduen. Kontzientzia gehiago hartu nuen intsumiso egin eta kartzelara joatean. Jende interesgarria ezagutu, egoeretara moldatu... Oso barneratuta daukat.
Z.M.: Nik ere, betirako. Oraindik ere, tarteka, Ezkerraldera joaten naiz, eta hango lagunekin martxa antimilitaristetan parte hartzen dut. Arma-fabriketara martxak egiten dituzte, besteak beste.

Kartzelara konbentzimenduz joan zineten.
H.L.: Soldadutzara joatea, hori bai ez zitzaidala buruan sartzen! Gainera, harro geunden kartzelara joateaz.
Z.M.: Nik ere gurago nuke berriro kartzelara joan, soldadutza egin baino.
I.M.: Kalean babes handia geneukan, ze, hori barik, oso gogorra izango zen.

Esperientzia gogorra izango zen.
Z.M.: Nik sekulako lezioa hartu nuen. Ikasteko, gauzak ulertzeko, kartzelak duen papera... Han ikusitakoaren ostean, bergizarteratzearen gai hori ez dut sekula sinetsiko. Preso politikoak kenduta, preso denak 30 urtetik beherakoak ziren, eta denak babesik bakoak: drogazaleak, atzerritarrak, desegituratutako familietakoak...  Presoen aldetik errekonozimendu bat geneukan, borondatez sartzeagatik. Preso politikoak ezagutzeak ere markatu ninduen.
I.M.: Irudi indartsu batzuk dauzkat oroimenean. Behin, pilotalekuan lekua hartzeko korrika irten nintzen egun batean, bat-batean labankada piloa eman zizkioten preso bati. "Nora etorri naiz ni!" pentsatu nuen. Mitxel Sarasketa preso politikoa ekarri zutenean ere gogorra izan zen; buruan bendak zituen... hilda zegoela ematen zuen.

Orain, Frantzian berriro ere soldaduska ipintzeko asmoa dute, eta beste herrialde batzuetan ere zurrumurrua dabil...
I.M.: Ikusten da mundua oso militarizatuta dagoela. Industria farmazeutikoaren ostean, dirurik gehien mugitzen duen industria izango da armena. Dena dela, uste dut oso gaitza izango litzatekeela hemen soldaduska berriro martxan jartzea. Berriro ere mugimendu antimilitarista sortuko litzateke. Herri honetan jende asko pasatu da kartzelatik arrazoi askorengatik, eta jendea horretarako prest badago, ez dut uste martxan jarriko litzatekeenik.
Z.M.: Hemen egon zen indarragaz, ez dut berriro martxan ikusten. Baina kezkaz ikusten dut Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak egin duen salaketa: Bilboko portutik armak eta leherkariak ateratzen direla Saudi Arabiara. Horiek ez dira defendatzeko, baizik eta ospitaleak, eskolak eta etxeak apurtzeko. Gainera, gastu militarra aurten pilo bat igo behar da. Nahiz eta gerra hori urrun egon, han botatzen diren bonbak Euskal Herriko eskulanaz eginda daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!