“Irabaztea baino, ahalik eta proba gehienetan parte hartzea eta gozatzea dugu helburu”

Joseba Derteano 2018ko mai. 9a, 09:00

Euskadiko Rallysprint Txapelketa hasita dago, baina Eneko Goirienak eta Alain Peñak ez dute parte hartu orain arteko hiru lasterketetan. Auto berria prestatzen dabiltza. Potenteagoa den bat? Ez, ezaugarri aldetik xumeagoa izango da. Goirienak goian ibiltzeak dakarren zama kendu gura du, eta horregatik hartu du erabakia.

Aurtengoa bigarren hasiera bat izango da?
Eneko Goiriena: Lasterketei aurre egiteko modua erabat aldatuko dut, behinik behin. Hasi ginenean, lasterketetan aritzea zen gure ilusioa. Gero, normalean, gero eta auto potenteagoak gura dituzu, sailkapenean gorago geratzeko. Hori lortuta, iaz Bizkaiko Behatokiko rallysprinta irabazi genuen, esaterako. Baina, orain, hasi nintzenetik urte batzuk joan direnean, konturatu naiz irabazteak ez didala poztasun itzel hori eman. Hau da, auto benetan indartsu bat errepidera ateratzeak lan eta ahalegin handia eskatzen du, hainbat arlotan gainera: mantentze-lanetan eskatzen duen diru kopuruan, autoa puntuan egoteko eskatzen duen lanean zein denboran…  Eta garaipenak ez dit berau lortzeak eskatzen didan sakrifizio guztia konpentsatzen.

Beraz, iaz Bizkaiko Behatokian lortutako garaipena ez zenuen espero moduan gozatu.
E.G.: Ez. Gainera, etxeko lasterketa zen, lagunak eta senideak bertan… Goizeko tarteen ostean lehenengo geunden, eta arratsaldean apurka denbora jaten hasi zitzaizkigun. Derrigorrez irabazi behar genuela tematu nintzen, eta neure buruari sartu nion presio horren ondorioz txarto pasatu nuen. Lasterketa irabazi ostean, poztasuna barik lasaitasuna sentitu nuen. Beste pilotu batzuekin berba eginda, presio hori normala dela konturatu naiz, denek sentitzen dutela. Baina nik ez dut gura. Ez dugu ahaztu behar gauza bat: amateurrak gara eta astelehenean lantokira joan behar dugula denok. Nahiago dut askoz gastu gutxiago eragingo didan auto bat prestatu eta 20. amaitu. Eta, batez ere, gastu berdina eginda, lasterketa gehiagotan parte hartu gura dut. Berdin dit zein modalitatetan, baina lasterketak lehiatuz gozatu gura dut, eta ez bakarrik irabazi.

Zelan doa auto berriaren muntaia?
E.G.: Orain arte BMW M3 bat izan dugu, bere modeloko potenteena. Orain muntatzen gabiltzanak karrozeria berdina izango du, baina motorra beste modelo batekoa da. Mekanika aldetik aurrekoa baino apalagoa da eta, ondorioz, merkeagoa.

Autoa prest dagoenean ahalik eta lasterketarik gehienetan parte hartzen saiatuko zarete?
E.G.: Rallysprintetan, igoeretan zein rallyetan. Hiruretatik rallyak dira gutxien gustatzen zaizkidanak, prestaketa handia eskatzen dutelako. Ez dut egun oso bat galdu gura tarteak egiten eta notak hartzen. Ahalik eta sakrifiziorik txikienagaz ahalik eta gehien gozatzea, horixe da orain bilatzen dudana.

Alain, oraintsu Espainiako Rally Txapelketako lasterketa batean kopilotu aritu zara. Zelan sortu zaizu horretarako aukera?
Alain Peña: Haritz Badiola pilotuak Suzuki Kopan beragaz aritzea eskaini zidan eta onartu egin nuen. Joan zen asteburuan, berriz, Euskadiko Rally Txapelketan ibili nintzen, Roland Holkeregaz.

Espainiako txapelketa beste mundu bat da?
A.P.: Bai, pilotuentzat zein kopilotuentzat. Etxeko lanak ondo egin eta dena xehetasun guztiekin prestatu behar duzu. Bertara joan eta egun bitan entrenamenduak. Gauerdian etxera heldu eta notak errepasatzen, garbira pasatzen… Lan handia izaten da.

Noiztik ezagutzen duzue elkar?
A.P.: Lau urtetik hona.
E.G.: Beste kopilotu eta pilotu batzuekin genbiltzan. Biok tirabirak izan genituen eurekin eta kopilotu eta pilotu barik geratu ginen. Ingurukoak ginenez, elkartzea erabaki genuen.

Pozik zabiltzate elkarregaz?
E.G.: Bai. Hasieran apur bat kosta egin zitzaidan nire konfiantza osoa eskaintzea. Apur bat mesfidatia naiz kopilotuekin. Izan ere, oso garrantzitsua da bat egitea. Baina lasterketak elkarregaz egin ahala konfiantza hori sendotu dugu eta, orain, ez nuke beste inorengatik aldatuko.
A.P.: Ni ere oso pozik nago beragaz. Egia da handik eta hemendik deitzen didatela eta pilotu bategaz baino gehiagogaz aritzen naizela, baina Enekogaz beti oso ondo.

Zuen lehenengo garaipena 2016an izan zen, Zamudioko rallysprintean. Zelan gogoratzen duzu lasterketa hura? Faboritoen artean zeundeten?
A.P.: Ez ginen faboritoak, inondik inora. Hasieran, parte hartzeko asmorik ere ez geneukan. Azken orduko erabakia izan zen, erdi brometan hartu genuena. Izan ere, autoaren soberakinak baino ez geneuzkan: gastatutako erruberak… Goizean lehorreko gurpil denak erabili genituen eta aurrean ibili ginen, baina arratsalderako euritakoak bakarrik geratzen zitzaizkigun. Zorionez, euria egin zuen. Egin izan ez balu, ez genuen irabaziko.
E.G.: Ezusteko garaipena izan zen, eta oso pozgarria.

Alain, alboan barik, joan zara inoiz bolantean?
A.P.: Ez, kopilotua izan naiz beti. Etorkizunean, beharbada, lasterketaren batean eta proba egitearren… Baina, momentuz, ez dut kuriositate hori.

Eneko, pilotua izateko afizioa umetatik datorkizu?
E.G.: Aitak rallyetara eramaten ninduen umetan. Gero, Tarsi [Iban Tarsicio pilotua] ezagutu nuenean, berak erakutsi zidan mundu hau. Esaterako, Hirumet, nire babesle handiena, berari esker lortu nuen.
Aurten ez dabil errepidean.
E.G.: Ez, aita izan da eta utzi egin du. Uste dut bueltatuko dela. Beharbada, ez aurrean ibiltzeko desio horregaz, nire antzera baizik, lasterketekin gozatzeko helburuagaz. Ikusiko dugu.

Errepidean dabilena Enrike Barrenetxea-Arando zaldibartarra da eta rallysprintetan orain arte lehiatutako hiru lasterketetatik bi irabazi ditu. Bera da iazko txapelduna ere. Aurten txapelketa irabazteko faborito ikusten duzue?
E.G.: Bai. Erretirotik indartsu eta egurra ematen bueltatu zen. Horretarako, ona eta arina izan beharra dago. Bestela, urtebete edo gehiago behar izaten da erritmoa erabat hartzeko.  

Beteranoak modan daude. Lebeiti ere, bere auto mitikoa saldu duen arren, estatuan beste inork ez duen berri bategaz dabil.
E.G.: Behin Lebeiti elkarrizketatu nuen! Umetan, zortzi bat urtegaz, eskolako lan baterako izan zen. Euskal Herrian Lebeitiren kotxea mitikoa izan da eta niri kotxe barruan esertzen utzi zidan. Imajinatu, flipatu egin nuen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!