Durangaldea Running-eko gazteei puntu bakar batera geratu zaie Bizkaiko txapelketa

Joseba Derteano 2018ko mai. 3a, 10:30
Durangaldea Running taldea Bizkaiko txapelketan

20 urtez azpiko kluben artekoan bigarren sailkatu dira.

Zorrozan jokatu zen txapelketa, martitzenean. Mutiletan Atletismo Santurtzik eta Durangaldea Running-ek lehia estua mantendu zuten. Nor  baino nor gehiago aritu ziren txapelketa osoan zehar. Azkenean, puntu bakar baten aldearekin irabazi zuen Santurtzik.

Durangaldea Running-ek abiadura probetan lortu zituen emaitzarik onenak. Esaterako, 100 metroko errelebo proba irabazi zuen Xabier Soto, Adrian Ruiz, Jokin Aizpurua eta Erik Garciaren lanari esker. Azpimarratzeko lana burutu zuten honako atleta hauek ere: Youness Assheli-k 1.500 metrotan, Juan Mari Gallastegik altura jauzian, Ander Apraizek disko jaurtiketan eta Xabier Goirik pisu jaurtiketan.

Emakumeetan zortzigarren tokian amaitu zuen txapelketa. June Arbeoren eta Araitz Villaren hirugarren postuak izan ziren emaitzarik onenak.

Durango Kirol Taldeak, eskualdeko beste ordezkariak, seigarren tokian amaitu zuen mutiletan zein nesketan. Bidezabal eta Sekulebedarra taldeek, aldiz, ez zuten parte hartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!