"Hizkuntza hitzen bidez eraikitzen denez, eraikinak egin gura ditut nik metaforikoki"

Aritz Maldonado 2018ko api. 29a, 10:30

Victor Arrizabalagaren (Mañaria, 1957) 'Letra Artean' erakusketa osatzen duten artelanak Durangoko Arte eta Historiaren museoan egongo dira ikusgai.

Zelako harrera izan du erakusketak?
Oso ona. Fernando Golvanok katalogoan dio obra mota kontzeptualago bat dela, eta, ildo berean, lan helduago bat dela. Nik uste dut obra potenteagoa dela; aurretik egin dudanagaz oso harro nago, eta horri muzin egin gabe, oraingo bilduma honek indar gehiago duela uste dut.

Zein da 'Letra Artean'-en atzean dagoen kontzeptua?
Lengoaia batek dituen aukera eraikitzaileekin lan egin gura nuen. Hizkuntza hitzen bidez eraikitzen denez, eraikinak egin gura ditut nik, metaforikoki. Bisitariek beren buruari galderak planteatzea da nire obren helburua. Artelan guztiek izaera eraikitzailea dute, batek izan ezik, izaera narratzaileagoa du eta. Ezin da ahaztu, eskulturak, oinarrian, obra arkitektonikoak direla. Erakusketa honetan, Lerro Artean deitzen den obra bat dago, eta bertan espazioagaz jolasten da. Liburu batean, parrafo arteko espazioari deritzo, baina, errealitatean, ez da horrela, espazioak hiru dimentsio dituelako.

Asko eragin dizu literaturak, beraz.
Beste zerbait ere badago. Lehengo obran, pop eragina nabarmena zen. Andy Warholek eta Roy Lichtensteinek erabiltzen zituzten inpresio teknikek, komunikatzeko moduek-eta eragin handia izan dute nigan. Une batean, baina, ohartu nintzen eskultura beltzak [obra biluzik dagoenean, landu barik oraindik] interesgarriak direla bere horretan. Eta hortik dator nire norabide berria. Kolorea albo batera utzita, orain beste muturrera egin dut jauzi. Kasu honetan, obrak abstraktuak dira, ez dago lengoaia enkriptaturik, eta hitzek ez dute mezu zehatzik. Hizkiak elementu eraikitzaile lez erabiliz, literatura eskulturara hurbiltzeko saiakera bat da.

Altzairua lantzen duzu zure artelanetarako. Zaila da?
Bai. Lanaren zati bat azpikontratatu egiten dut, oxiebaketa edo laser bidez moztu behar izaten delako. Eraikitzeko prozesua, baina, neuk egiten dut. Ideia bat dudanean, zirriborro bat egiten dut, eta badakidanean zer egin gura dudan, hizkiak eraikitzen hasten naiz. Muntaia lanetarako, ostera, Cesar Cedielek laguntzen dit.

Zenbat obra batu dituzu Durangoko erakusketak?
Durangoko Arte eta Historia museoan sei obra daude ikusgai. Estudioan gehiago ditut, baina horrela komeni zela uste dut, pieza bakoitza ikusi eta gozatu ahal izateko. Horietako bat, Infinitum, Durangon egongo da ikusgai, lehenbizikoz.

Donostian, Durangon... beste inon erakusketarik egiteko asmorik?
Epe ertainera, behintzat, ez. Urtero erakusketa bat edo bi egiten ditut, eta ez dut uste aurten besterik egingo dudanik.

Aurrera begira, ze proiektu dituzu esku artean?
Artista liburu bat egitea da nire hurrengo helburua. Altzairuzko azalak izango ditu, eta barruan orain egiten dudanaren antzerako inpresio batzuk eta idazleren baten kolaborazioren bat. Gabonetarako kaleratzea gustatuko litzaidake; hori da nire asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!