Durangaldeko herriak batuko dituen bidegorri sarea eratzeko pausuak emango ditu EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2018ko api. 25a, 12:22

Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jarriko dira elkarlana bultzatu asmoz; horrez gain, eskualdeko hainbat herritan mozioak aurkeztuko dituzte.

Durangaldeko EH Bilduko kideak gaur goizean jakitera eman dutenez Durangaldeko herriak batuko dituen bidegorri sarea eratzeko pausuak ematen hasiko dira. "Instituzioetatik ingurugiora errespetatzen duten herriak bultzatu behar ditugu eta apustua egin behar dugu eredu bizigarriak, jasangarriak eta gizatiarrak eraikitzeko", adierazi du Idoia Buruaga EH Bilduko kideak.

Durangaldeko bidegorri sarearen helburu nagusiak lanerako joan-etorri alternatiboak ahalbidetzea eta familian egin daitezkeen aisialdi osasungarriak bultzatzea  dira, besteak beste. "EH Bilduk urratsak eman nahi ditu beste mugikortasun eredu bat martxan jartzeko, eskualde honetan kalitatez bizi ahal izateko", adierazi dute.
Bidea egiten hasteko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jarriko direla eta eskualdeko hainbat udaletxetan mozioak aurkeztuko dituztela gainontzeko indar politikoek gaiaren gainean duten jarrera ezagutzeko jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!