“Lau urte daramatzagu entrenatzen egun hau heltzeko zain, eta ilusio itzelagaz gaude”

Joseba Derteano 2018ko api. 23a, 09:00
Martxelo Eriz eta Harriet Cabezas Durangoko Arripausueta errugbi zelaian.

Euskadiko Ligako finalari begira itxaropentsu daude Durango-Elorrio errugbi taldeko kapitain gazte biak.

Ilusionatuta dauden galdetuta, buruari eragin eta elkarri begiratu diote, irribarrez. “Lau urte daramatzagu egun hau heltzeko zain”, azaldu du Harriet Cabezasek (Durango, 2000). “Ilusio itzelagaz gaude”, gehitu du segituan Martxelo Erizek (Elorrio, 2000). Durango-Elorrio errugbi taldeko kapitainak dira eta asteburuan Euskadiko Ligako finala jokatuko dute 18 urtez azpiko kategorian. Eta irabaziz gero, Espainiako txapelketara sailkatuko dira.

Durangok eta Elorriok indarrak batu zituztenetik, elkarregaz aritu dira, batera igo dira mailaz maila. Urte horietan, eurek zein taldekideek talde batua eta gertukoa eratu dute: pieza guztiak behar den moduan koipeztatuta dituen makineria. Faktore horri aurten inoiz baino jokalari gehiago dituztela gehitu behar zaio. “Gogoan dut iaz eta orain urte bi 14 jokalarigaz [15ek jokatzen dute] jokatu izan ditugula partiduak. Aurten 25 bat ditugu. Beraz, hainbeste jokalari egoteak laguntzen du”, onartu du Erizek.

Asteburuan jokatuko dute Euskadiko Txapelketako finala. Zarautz izango dute aurkari. “Morroskoz” betetako taldea da, Cabezasen esanetan. “Euren jokalariek guk baino 10 bat kilo gehiago izango dituzte, batez beste”, kalkulatu du durangarrak. Tamaina handikoa izatea abantaila da kasu batzuetan, eta desabantaila besteetan. Hori ondo dakite Durango-Elorrio taldeko jokalari biek. “Ez dira oso arinak eta partiduari erritmo handia sartuz gero nekatu egin daitezke. Hori aprobetxatu behar dugu”, azaldu du Cabezasek, begirada zeruan distiratsu ageri den eguzkira jasotzen duela. “Eta zenbat eta bero handiagoa egin, orduan eta hobeto”, gehitu du. “Indarraren eta erresistentziaren” arteko borroka izango da Erizen ustez ere.

Finalaurreko estua

Joan zen asteburuan Ordizia taldea menderatuta lortu dute finalera sailkatzea. Ordizian jokatu zen partidua. Kontaktu askoko norgehiagoka planteatu zuten etxekoek. Ostiko kolpeekin heldu ziren ordiziarren bederatzi puntuak. Durango-Elorriok entsegu biren bidez lortu zuen garaipena. Bigarrena partidua amaitzeko bost minuturen faltan heldu zen, markagailuan atzetik zihoazenean. “Aurrera egin eta geneukan den-dena eman genuen azken minutuetan”, gogoratu du Erizek. Jarrera berdinagaz saiatuko dira Euskadiko Ligako finala irabazten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!