Gainerako emaitza onen artean, objektu berrerabilgarrien kontainer zurian %11,5 igo da bilketa, eta tamaina handiko hondakinena %15,5. Guztira, gaur egungo gaikako bilketa %33,6koa da, eta beste %66,4a errefusa, kontainer berdean jasotzen dena. 2025ean gaikakoa %55era ailegatzeko aholkua eman du Europar Batasunak.
Organikoa, zerbait behera
Emaitza guztiak ez dira onak. Materia organikoen bilketari dagokionez, %1,67 egin du behera. Lopezek argitu du datu horrek astebetean batzen dena soilik islatzen duela, eta ez dela alarma sortzeko datua. Hala ere, eboluzioa ikusita, organikoaren biriziklapena indartzeko neurriak hartzea erabaki dute. On egin izeneko sustapen kanpaina landu zuten, eta 15 kontainer gehiago ezarri ere bai. Gainera, sisteman parte hartzeko beharrezko diren giltza eta materiala herrian bertan jasotzeko aukera eskaini dute, Amankomunazgora joateko beharra eduki barik. Momentuz, kontainer marroietan ezin da okelarik, arrainik edota arrautzarik bota, eta hori egin ahal izateko baimena eskatu diote Aldundiari, organiko osoa batzeko bidean. "Uste dugu neurri hori oso positiboa izango dela jendea animatzeko". Lea Artibain horrela ari dira lanean dagoeneko, eta egoera bera edukitzea gura dute Durangaldean.
Hondakinak pisatzeko sistema
Zerbitzua hobetzeko asmoz bestelako neurri batzuk hartu dituzte. Aipagarriena, kamioi berri biren bidez leku bakoitzean jasotzen den hondakin kopurua pisatu eta neurtu ahalko dutela. Horrela, herri bakoitzean eta gune bakoitzean zelako bilketa egiten den jakin ahalko dute. Eskualdeko zerbitzua antolatzeko datuak emateaz aparte, herri mailan ere kanpaina bereziak egiteko aukera eskainiko du informazioak.