“Pobreziaren atariaren gainetik dagoen pentsioa da guk eskatzen duguna”

Aitziber Basauri 2018ko mar. 16a, 09:19

Kalera irten dira pentsiodunak. Haserre daude, eta nahikoa dela esan dute. Duintasunez bizi ahal izatea nahi dute. Otsailean Bilboko kaleak bete zituzten milaka erretiratuk eta, martxoaren 17an, argazki hura are eta esanguratsuagoa bihurtu gura dute, horretarako herritar guztiak daue parte hartzera deituta. Berrizen, Durangon, Iurretan eta Zornotzan antolatzen hasita daude, eta ordezkari bana batu du ANBOTOk mahai baten inguruan.

Urteak dira haserrea pilatzen. Azken tanta izan da hau?
Itziar Madariaga (Zornotza, 1944): Hala da. Urte askoan egon gara eusten, geure buruari esanez zerbait egin beharko genukeela... eta, halako batean, pentsioak %0,25 igoko direla dioen gutuna heldu zaigu. Gutun-paperetan gastatutakoak gehiago balio du! Sare sozialen bidez haserre hori zabaldu da eta mugimendu hau sortu da.
Matias Oregi (Durango, 1945): Egon da halako gogo bat, ikus daiteke hori. Urte batzuk daramatzagu hau, bestea eta hurrengoa jaso eta horiei eusten. Nahikoa da esan dugun arte. WhatsApp bidez protesta egiteko deia zabaldu zen eta pentsiodunek erantzun egin dute. Asko entzun dugu gai askoren inguruan, eta oraingoan pentsiodunoi egokitu zaigu. Langileak gara, eta arlo horretan ari dira lanean erakundeak, baina ez dute ezer egin.  
Mari Tere Alberdi (Berriz, 1944).: Kokoteraino egon gara. Bakarrik sentitu gara.
Maripi Mintegia (Iurreta, 1945): Hedabideetan politikarien ahotik entzundako adierazpenekin gainezka egin dugu: badugula etxea, 80 urtera arte lan egiteko prest gaudela, erosteko ahalmena igo zaigula eta ea zertaz kexatzen garen.

Pentsioak %0,25 igo dituzte aurten. Inflazioa, berriz, %1,1. Jakinarazpenak bueltan bidaliz erantzun duzue pentsiodunok. Zerk aktibatu zaituzte?
Matias: Egoerak berak.
Itziar: Berriz lapurreta egin izanak.Dirua lapurtu dute, kartzelara sartu dituzte batzuk, baina non da dirua? Hartutakoa bueltatu behar dute. Gutuna bueltan bidali nuen.
Itziar: Neuk ere bai. Pentsioetarako dirurik ez dagoela diote, pentsio pribatuak egin daitezen esan eta esan ari dira. Nola? Ze dirugaz? Eguneroko gastuei aurre egin ondoren, ez zaigu dirurik geratzen.

Zeintzuk dira zuen eskariak?
Matias: Urteko Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) araberako igoera eskatzen dugu, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Hori da gure borroka. Mobilizazioetan bi goiburu nagusitu dira: Eskuak gora, hau lapurreta da eta Lapur gutxiago eta pentsio gehiago. Atzean bestelako arazo batzuk daudela erakusten dute horiek, azaleratu beharrekoak. Adibidez, soldaten arrakaletik eratorria den pentsioen arrakala. Lan eskasagoak izan dituzte emakumeek, soldata baxuagoekin, eta horrek kotizazioetan eragin du.

Beste behin, emakumeak dira prekarietatearen aurpegia. Bereziki emakume alargunek jasaten dute arrakala hori?
Mari Tere: Bai. Dibortziatu arte, 20 urtean bizi izan nintzen senarragaz. Urte horiek kontuan hartzen dituen haren pentsioaren horrenbesteko bat dagokit. Huskeria bat. Lotsagarria. Eta ezin ezer esan. Isilik geratu behar. Lan egin dut, eta kotizatu izan dut. Bada, bi pentsioekin ez naiz 700 eurora heltzen.
Itziar: Alargunoi senarraren pentsioaren %52 dagokigu, eta haren pentsioaren arabera, egoerak oso desberdinak dira. 800 euroko pentsioa dagokit niri alargun lez. Baina nik ere bost urtean lan egin nuen, dagokiona kotizatuz, eta badut pentsio txiki bat, senarrarena osatzeko. Eskerrak horri. Beste askok ez dute horrelakorik.  
Matias: Gainera, orain, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko neurriak gogortu dituzte, eta horrek zuzenean eragin du pentsioetan. Izan ere, orain, unitate familiarra hartzen da kontuan.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen duzue, Europako Gutun Sozialen gomendioari jarraituz.  Pentsio duina litzateke hori?
Mari Tere: Pobreziaren atariaren gainetik dagoen soldata, pentsioa,  da eskatzen duguna. Hemen, 1.080 euro litzateke hori. Frantzian, adibidez, pentsio guztiak daude pobreziaren atariaren gainetik. Hemen ez da horrela. Argi esanda, bizi den lurraldeko batez besteko soldataren erdiaren azpitik jasotzen duena bizi da pobreziaren atarian.

Pentsiodunen profil asko daude?
Matias: Bai. Egoera onentsuan geratu diren %8 horren barruan nago ni, kotizatu dugulako. Emazteak eta biok pentsio bat dugu. Hala ere, emaztea alargunduko balitz, eta egon litekeen pentsiorik onenaren erdia kobratuta, pobreziaren atarian legoke, pentsio hori osatzeko beste bat ez balu behintzat. 400-500 euroko pentsio txikiak emakumeenak dira neurri handi batean. Horregaz bizi behar da. Ezin da.
Itziar: Alargunona da egoerarik prekarioena. Oporretara joateko ere mugatuta gaude. Alaba eta bilobak ere nigaz bizi dira, eta, zorionez, alaba lanean dago. Gainera, etxeko lanek ez dute ezer balio.
Mari Tere: Ezta umeen zaintzak ere. Garai batean, umeak izatean, horretan lan egiten genuen.
Maripi: Ni ere egoera onentsuan nago, baina duela 51 urte lana utzi nuen, ezkontzeko; elizako abesbatzan ere abesten nuen, eta utzi egin nuen. Gizona, umeak, etxea... zaintzeko, dena utzi nuen. Horrek guztiak gure pentsioetan eragin du. Emakume asko miseria hutsa ari dira kobratzen.  

Pentsioei aurre egiteko dirurik ez dagoela dio Espainiako Gobernuak.
Maripi: Gazteak lanik gabe daudela-eta, pentsioen kutxan dirurik ez dagoela diote. Hustu egin dela. Bai zera! Egon da dirua kutxa horretan, baina eskua sartu dute askok, bateko autobidea egiteko, besteko aireportua egiteko...
Matias: Gezur mordo bat esan dute, eta larriena da pentsioen kutxan zegoen dirua estatuaren zorra ordaintzeko erabili dutela. Dirua egon da, eta badago. Norentzat? Bankiarentzat, armadarentzat, azpiegiturak eraikitzeko, elizarentzat... Langile gutxiago dagoela eta pentsioetara ekarpen gutxiago egiten dela ere esan dute. Gezurra. Zenbat produzitzen den, hor dago gakoa, eta ez zenbat langile diren. Gainera, bada barnerarazi gura duten ideia bat: “Zuek baduzue pentsioa, guk ez dakit izango dugun”.
Maripi: Bai, eta ideia hori onartzen hasita daude batzuk. Aurreztea eskatzen zaiei gazteei. Finlandian moduan, euro bat astean. Osasunerako beharko dutelako, igual, edo etxean eragozpen bat suertatuz gero aurre egiteko. Baina nola aurreztuko dute lanik ez badute? Eta lana izanda ere, 700 euroko soldatagaz?
Mari Tere: Dena pribatizatu gura dute.

Pentsioak ere bai?
Matias: Aurrezteko eskatzen ari dira etengabe, eta hor atzean zain daude putreak. Banketxeak. Jakin behar da pentsio pribatuak iruzurra direla; dirurik gabe geratu dira asko bankaren deskalabruagaz. Garai batean, estatuak kotizazioekin ordaintzen zituen pentsioak. Kutxa batean batzen ziren kotizazio guztiak. Gero, Toledoko Ituna etorri zen. Soberan zegoen dirua kutxan, gero krisi ekonomikoa etorri zen arren. Kutxa horren kudeaketa nolakoa izan den argitu beharko litzateke. Kudeaketa garbia eta demokratikoa, hori behar da. Gauza asko daude argitzeko.

Martxoaren 17an, BIlbora deituta gaude herritar guztiak. Gazteek ere kalera irten behar dute?
Mari Tere: Bai. Gurasoekin bizi dira asko, soldatak ez dielako ematen; lanik gabe daude beste asko. Denon artean indar gehiago egingo dugu.
Itziar: Hala da.  Joan beharko lukete.
Maripi: Beraien etorkizuna da.
Matias: Borrokatu beharra dute gazteek ere, eta Bilboko deialdia aukera ona izan daiteke kalera irteteko, astegunetan gaitzago dute-eta.

Pentsiorik ez dutela izango sinetsita daude atzetik datozenak?
Matias: Gezurrak sinetsita daude. Mamu bat dago atzean. Munduko Bankuak emanda ditu jarraibideak: pentsio pribatuak egiteko konbentzitu gura gaituzte; pentsio publikoen jabe ere egin gura dute. Baina pentsio pribatuak beste lapurreta bat dira.

M-15aren traza hartu zaio zuen mobilizazioari. Antolatzen hasita zaudete?
Matias: Durangon batzorde bat osatu dugu, eta astelehenero egiten ditugu elkarretaratzeak, siglak kanpoan utzita. Herri guztiok elkarregaz koordinatu gura dugu. Bizkaiko Pentsiodunen Martxa ere hor dago. Edozein interlokuziotarako eta eskariak bideratzeko antolatu egin beharko gara. Durangaldean ere koordinatzen hasiko gara.
Maripi: Gu ere hasi gara astelehenero kontzentrazioa egiten Iurretan, eta batzorde txiki bat antolatu dugu. Argi utzi dugu kolore eta ideologiarik gabeko mugimendua dela, pertsonek osatutako taldea.
Mari Tere: Aurretik gaude haserre. Orain lotsa galdu eta kalera irten gara. Berez, natauraltasunez, sortu da, baina antolatu beharra dugu.
Itziar: Zornotzan astelehenero egiten dugu kontzentrazioa, baina ez  gaude antolatuta. Borrokan gaude eta datorren urtean haustekundeak ere badatoz; argi izan dezala jendeak nori eman botoa.

Zer deritzozue politikarien jarrerari?
Matias: Oportunista dela. Batzuei barregurea sortu zitzaien hasieran.
Maripi: Utzikeria, nahaste-borrastea, itzela izan da. Sindikatuena lotsagarria izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!