“Nolatan ez dugu Pilar Zubiaurreren berri eta bai bere senarrarena?”

Aritz Maldonado 2018ko mar. 4a, 10:30

Lyceum kluba Madrilen sortu zen, 1926an, eta Espainiako lehenbiziko espazio feminista izan zen. Klub horretako kideak ziren Carmen Baroja, Zenobia Camprubi, Maria Maeztu eta Pilar Zubiaurre garaitarra; Lyceum Club obrarako, emakume hauen azalean sartu dira Nagore Gonzalez, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Ane Pikaza. Azken honegaz egin du berba ANBOTOk.

Pilar Zubiaurre garaitarraren azalean sartu zara. Zer sentitu duzu?
Laurak oso emakume potenteak ziren. Eta Zubiaurre oso pertsonaia interesgarria iruditu zitzaidan ezagutu nuenean. Oso modernoak ziren laurak, ideia oso aurrerakoiak zituzten beraien garairako. Hor konturatu nintzen, baita ere, historia eten egin zela garai horretan.
Lau lagun hauek zuten maila ez zen nolanahikoa, ez ziren edozein pertsona, hori ere egia da. Baliabide ekonomikoak zituzten, eta Zubiaurrek musika ikasketak zituen, hizkuntzak zekizkien. Pentsatzeko modu oso irekia zuten. Pentsamendu berriak irekitzeko, legeak aldatzeko... egiten zuten lan, leku ezberdinetatik. Hori guztia geratu egin zen altxamenduagaz eta gerragaz. Antzezlanean, badago pasarte bat bereziki gustatzen zaidana. Emakumeak abesten hasten dira, garaiko abesti errepublikar bat, eta batek “Gu ez gaude trintxeretan, baina beno”, dio; Zubiaurrek “Hainbeste trintxera mota daude!” erantzuten dio.

Nolako obra da?
Obra gaur egungoa da. Erdi fikzioa erdi errealitatea. Lau emakume hauek Lyceum klubeko kideak ziren, bertatik igaro ziren, baina ez elkarregaz. Obran, elkarregaz jarri ditu Mariak [Goirizelaiak]. Emakumeek beraien espazioak eskatzen dituzte obran, eta horrelako emakumeen kasuak ezagutzera eman behar dira. Zergatik ezagutzen ditugu beraien senarrak, eta ez beraiek? Nolatan? Lanean jarraitu behar da joera hori aldatzeko. Ni obra amaieran emozionatu egiten naiz, pertsonaia hauek existitu egin zirelako. Zubiaurreren nebak ezagutzen ditugu, pintore ezagunak zirelako; Zubiaurreren gizona ezagutzen dugu, arte kritikaria zelako. Baina Pilar Zubiaurre bera ez, eta hori aldatu egin behar da. Bidaia polita izan da pertsonaia honen azalean sartzea.

Gustura eginiko ekarpenagaz?
Oso gustura nago egindako lanagaz, eta lan polita dela iruditzen zait. Mariak oso lan ona egin du obra hau idatzita, eta emakume hauei ahotsa emanda. Izan dadila hau emakume gehiagoren istorioak ezagutzera emateko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!