Garbiketa sektoreko soldata desberdintasuna salatu eta greba feminista babestu du ELA sindikatuak

Joseba Derteano 2018ko ots. 26a, 14:45

Gaur eskaini duten prentsaurrekoko irudia.

Emakumeek jasaten dituzten “prekarietate egoerei” aurre egiteko “kalitatezko enpleguaren aldeko politikak” eskatu ditu Durangaldeko ELA sindikatuak.

Eraikinen eta lokalen garbiketan lanean dabiltzan ELAko militantez inguraturik, sektoreak bizi duen errealitatearen erradiografia egin dute sindikatuko ordezkariek. Garrantzia handiko lanbidea izanagatik, sozialki eta ekonomikoki “gutxi” errekonozituta dagoen sektorea dela azaldu du Leire Caballo ELAko delegatuak.

Bizkaiko lan hitzarmena jarri dute feminizatutako eta maskulinizatutako sektoreen artean dagoen aldea nabarmentzeko adibide moduan. Bizkaiko hitzarmena aplikatuz gero, eraikin eta lokalen garbiketan dabilen emakume batek 15.174 euro kobratzen du; kaleko garbiketan dabilen gizonezkoak, aldiz, 28.600 euro. “Hau da, emakumeek %47 gutxiago kobratzen dute. Honi buruz gabiltza soldata desberdintasuna diogunean”, adierazi du Caballok.

Sektoreko emakume gehienek udal eraikinak garbitzen egiten dute lan ELAren esanetan. Ildo horretatik, udalei neurriak hartzeko eskatu diete. “Udalek zerbitzua azpikontratatzea erabaki dute eta esleipen publikoetan gero eta murrizketa gehiago jasaten ditugu”, azaldu du ELAko delegatuak. Horregatik, “administrazioek pribatizatutako zerbitzuetan edo bultzatutako azpikontratetan soldata baxuagoak ez ordaintzea ezinbestekoa da”, gehitu du.

“Ez da ohiko lan greba bat”

Martxoaren 8koa enpleguari lotutako aldarrikapenetatik haratago doan greba dela azaldu du Arrate Elkoro Durangaldeko ELAko arduradunak. “Sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal honetan emakumeon diskriminazioa egiturazkoa denez, sistema bera da auzitan jarri eta irauli behar duguna”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!