“Oizko errekatxo batean presa inprobisatu bat egin genuen hegazkineko sua amatatzeko”

Jone Guenetxea 2018ko ots. 24a, 10:30

Aste honetan 33 urte bete dira Oiz mendiko hegazkin istripua gertatu zela. 1985eko otsailaren 19an, Boing 727 Alhambra Granada hegazkinak istripua izan zuen. Iberiaren 610 hegaldia 08:00etan irten zen Madrildik, eta 9:05ean Sondikako aireportuan lur hartzea aurreikusi zuten. 9:27an aireportuko kontrol dorrearen eta hegazkinaren arteko komunikazioa eten egin zen.

Laino itxia zegoen Oiz mendian. Hegazkinak EITBko antena jo eta su hartu zuen mendian behera eroriz. Ondorioz, 148 pertsona hil ziren, 141 bidaiari eta hegazkineko zazpi langile. Egun hartan lanean zegoen Joseba Etxaburu suhiltzaile durangarra.

Zelan gogoratzen duzu hegazkin istripuaren eguna?
25 urte nituen, eta gogoan dut beldurtuta nindoala. Lehenengo, Iurretako taldea irten zen. Gu beste irteera batean geunden. Deia jaso genuenean, egiten genbiltzana utzi, eta berehala abiatu ginen Oizera. Trabakuatik igo ginen. Mendian behelainoa zen nagusi. Bagenekien hegazkin komertziala zela. Heldu ginenean, denak hilda zeudela ikusi genuen. Guardia zibilak izan ziren heltzen lehenak.

Zer aurkitu zenuten han?
Ikusi genuena samingarria izan zen. Hegazkinak goiko antena jo zuen, eta mendi-hegalean behera jausi zen. Fuselaje guztia behean zegoen, hainbat gorpugaz batera. Keroseno eta okela-erre usaina zegoen. Edozein lekutara begiratuta, gorpuen zatiak ikusten ziren. Gorpuak desegituratuta zeuden. Baina gure lana egin genuen eta sua itzali genuen.  

Mendi-hegalera ezingo zenuten sua itzaltzeko kamioia igo.  
Motoponpa batzuk eskuz igo genituen. Oizko errekatxo batean presa inprobisatu bat egin genuen, eta handik atera genuen hegazkineko sua amatatzeko ura. Kontuan izan kerosenoa zegoela inguruan.

Suhiltzaile hasiberria zinen.
Urtebete inguru neraman suhiltzaile legez lanean. Bitxia da, astebete lehenago lagunei esan nielako ordura arteko istripu eta suteetan ez nuela heriotzarik izan. Denboragaz, gaur egun dudan esperientziagaz, esan dezaket hildakoak ez direla lan honen alderik gogorrena, gertukoak ez badira. Zaurituta dauden pertsonak dira larritasunik handiena eragiten dutenak.   

Nahasmen handia sortu zen?
Horrelako katastrofe bat pasatu eta gero baloratzen diren gauzak dira. Baten bat ebakuatu behar izan balitz oso zaila izango zen. Kuxkuxero mordoa igo zen, eta bidea oztopatzen zuten. Gainera, zerbitzu larregi bertaratu ziren. Orain larrialdien zentro bat dago eta laguntza askoz garatuago dago. Berehala ixten dira errepideak. Zentzu honetan, aurrepauso handiak egon dira. Baina, egun hartan, Trabakuako errepidea blokeatu egin zen.

33 urteko ibilbidean beste horrelako egoerarik bizi izan duzu?
Hainbat egoera zail bizi izan ditudan arren, antzekorik ez. Baina hemen istorio asko bizi ditugu egunero. Beste profesionalek egin ezin dutenerako deitzen digute. 112ra deitzen dutenean, ez badago argi Ertzaintzak edo Gurutzetak egin dezaketen, suhiltzaileoi deitzen digute. Azkenean, zaila izaten da arriskua non dagoen jakitea. Argi dugu pertsonen eta gure bizia dela garrantzitsuena; beraz, sekula ez dugu bizirik arriskuan jarriko eraikin bat salbatzearren. Pertsona bat salbatzeko, ostera, arriskatzeko prest gaude. Protokolo bat dago, baina, batzuetan, zaila izaten da neurri horiek betetzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!