“Askotan komentatu dugu kanpora joateko aukera sortu zitekeela”

Joseba Derteano 2018ko ots. 16a, 09:30
Argazkiak: Lehior Elorriaga

Futbola txikitatik arnastu dute, zaleak dira eta, Eneko Bovedaren kasuan, entrenatzaile sintomak ere nabari zaizkio. Niko semea besoetan dutela etorri dira elkarrizketara Eneko Boveda (Durango, 1988) eta Ane Ibarra (Elorrio,1989). Bertan zain dauden aitita-amamei utzi diete. Eurek zainduko dute etxeko txikia futbolari biak kazetariaren galderak errematatzen dituzten bitartean.

Badira aste batzuk Coruñako Deportivok fitxatuta Galiziara joan zarela, Eneko. Moldatu zarete egoera berrira?
Eneko Boveda: Niretzat Anerentzat baino errazagoa izan dela esango nuke. Izan ere, neu joan naiz. Lanik handiena Nikogaz daukagu eta Ane da ahalegin bikoitza egin behar duena.
Ane Ibarra: Bagabiltza moldatzen. Enekoren gurasoen eta nire gurasoen laguntza dugu, besteak beste. Bestela, gaitza litzateke.

Balantzaren alde batean zein bestean pisuzko arrazoiak jartzen direnean kosta egiten da erabakiak hartzea?
E.B.: Bai. Azken batean, gurago dituzu alde onak ikusi, eta ez txarrak. Apustu hau egin dugu eta denborak esango du asmatu dugun ala ez.

Izan ere, kirolari baten ogibideak ezaugarri berezi bat dauka: iraungitze data.
E.B.: Trena behin pasatzen da normalean. Nire mailan diru kantitate inportanteak irabazten dira familiarentzat, eta apustua hori da, denok bide horretan arraun egitea. Azken batean, futbolari baten kirol bizitzak urte gutxi irauten du. Gure artean askotan komentatu dugu kanpora joateko aukera sortu zitekeela eta beti izan dugu batasun handia iritzietan eta erabakietan.

Eneko, zelakoa izan da lur-hartzea Coruñan? Giro nahasia egon da.
E.B.: Pozik nago aldaketagaz eta han aurkitu dudanagaz. Beraz, dena oso ondo, garrantzitsuena izan ezik: emaitzak eta taldearen egoera ez dira onak. Badakit alde horretatik momentu gogorrak biziko ditugula.

Aspaldian hainbat futbolarik esan dute ez direla bereziki futbolzaleak. Ez dela beharrezkoa futbola ikaragarri gustatzea futbolari izateko. Zuei betidanik gustatu zaizue?
A.I.: Nire kasuan, futbola barrutik bizi ezik, ez duzu jokatuko. Enekorena desberdina da, ogibidea delako. Niri gehien gustatzen zaidan zaletasuna da futbola.
E.B.: Futbola ikaragarri gustatu izan zait beti. Partiduak ikustea, futbolaz dakien bategaz partiduei buruz berba egitea, taktikak komentatzea, jokalariak… edozein kategoriatan, gainera. Bestalde, futbola ez gustatzea baino, gertatu daitekeena da maila batera heltzen zarenean hobbya zena ogibide bihurtzea, eta futbolak zuen erromantizismo hori galtzea. Nire kasuan, badinotsut, asko gustatzen zait: Lehenengo Maila zein Hirugarren Maila, gizonena zein emakumeena…

Diozunagaz entrenatzaile profila ikusten dizut. Pentsatu duzu horretan?
E.B.: Askotan, eta gustatuko litzaidake. Baina, alde batetik, horretan jende asko dabilenez, zaila da. Bestetik, ez dakit familia zein ni prest egongo ginatekeen hain egonkortasun gutxiko ogibidean murgiltzeko. Horrek atzera eragiten dit.

Batak bestea futbolean jokatzen ikusten duzue? Eta horrela bada, kritikoak zarete?
A.I.: Nik Eneko, beti. Bigarren B Mailan Eibarren zebilenean ere Ipuruara joaten ginen etxeko partiduetan. Bilbao Athleticen, Baskonian… denean ikusi dut.
E.B.:  Eta sufritzen beti.
A.I.: Oso beroa bainaiz. Gauzak ondo doazenean asko gozatzen dut, eta txarto doazenean asko sufritzen dut.
E.B.: Ni gutxitan joaten naiz Ane ikustera, baina, joan naizenetan, zelan esan…
A.I.: Idazluma eta arbela ateratzen ditu.
E.B.: (Barreak) Ezin dut ekidin. Entrenatzaile sen hori irteten zait. Gainera, jokaldi denak luzaroan gordetzen ditut buruan.
A.I.: Nire analisiak orokorragoak dira. Batez ere, animatzen saiatzen naiz. Baikorragoa naiz. Animoak ematen dizkiot. Eneko, aldiz, detaile zehatzagoetara joaten da.

Eneko, zuk patxadatsua ematen duzu, eta Ane, zuk bizitasun handikoa. Ondo konpentsatzen duzue izaeren talka hori?
E.B.: Orokorrean, bai. Geure onetik atera ere bai batzuetan, baina denbora daramagu elkarregaz, eta ez dugu meritu gutxi!
A.I.: Uste dut erabat konpentsatzen dugula hori. Izaera aldetik, punta banatan gaude, baina, hain zuzen, horixe da harremana orekatzen duen osagaia.

Ane, zure ibilbide osoa Elorrion daramazu. Gustura sentitzen zaren kluba da?
A.I.: Gugaz oso ondo portatu izan dira beti Elorrion. Beste talde batzuetan gertatu diren esperientzia eskasak entzun izan ditut, baina ez da izan gure kasua. Bai, badut gertutasun sentimendu hori gaur egun nabilen klubarekiko.

Euskal Ligara igotzea lortu zenuten orain hiru denboraldi. Maila zorrotza da.
A.I.: Bai, bada. Harrezkero ez gara jaitsi eta nahiko postu onetan amaitu izan dugu. Iaz hirugarren amaitu genuela uste dut. Aurten denboraldia nahiko ahul hasi genuen, txarto ez esateagatik, baina gero gora egin dugu. Gero eta hobeto gabiltza.

Jokalari berriak batzea kosta egiten da?
A.I.: Elorrio herri txikia da. Ez dago hainbeste jenderik, eta futbolean hasi gura dutenak oraindino gutxiago dira. Gainera, urrun dago Bilbo edo beste hainbat ingurutatik. Beraz, bai, kostatzen da jokalariak batzea. Antzerako taldea dugu urte askoan, baina badira gurera batu diren jokalari berriak.
E.B.: Taldeak eta klubak fama
ona dute.
A.I.: Bai, talde batua gara, giro ona dago eta entrenatzaileak asko laguntzen digu. Bilbo, Markina eta Elgoibarko jokalariak izan ditugu. Eta Durangaldekoak ere bai. Zerbait ondo egiten dugunaren seinale da, nire ustez. Bestela, ezingo genion taldeari eutsi. Dena behar da.

Eneko, Athleticera batzeko lehenengo deia jaso zenuen eguna gogoan duzu?
E.B.: Eibarren nenbilen. Denboraldi oso ona egiten ari ginen, eta taldea ondo dabilenean norberak ere nabarmentzeko aukera handiagoa izaten du. Nire denboraldi onak Iraolaren azkenengoagaz bat egin zuen. Hainbaten, ez zuela jarraitzeko asmorik esango zion Andonik klubari, eta beste baten bila hasiko ziren. Sarritan, horrelako egoerak gertatu behar izaten dira.

Zeintzuk ziren zuen umetako futbol idoloak?  
A.I.: Txikia nintzenean, Etxebe [Joseba Etxeberria] zalea nintzen. Bere kamiseta nuen.
E.B.: Ez naiz izan idoloak izatekoa, baina esango nuke nirea ere Etxebe izan zela. Gure umezaroan bere urterik distiratsuenak izan ziren. Gure garaia beragaz lotuta dago.

Gizonezko jokalaria aukeratu duzue biok. Emakumeetan jokalari ona izatea eta talde garrantzitsu batean aritzea ez da nahikoa errekonozimendua lortzeko.
A.I.: Bai, baina egoera apurka aldatzen doala ere ikusten dut. Futboletik bizi daitezkeenak badaude. Athleticen emakumeen taldea goian ibiltzea ona da. Jarraitu ala ez, dudan dagoen neska gazteak aurrera jarraitzeko erabakia hartu dezake
eurak ikusita.
E.B.: Hobbya ogibide bihurtzeko aukera hori txikia izanda ere, ona da. Egia da oraindino salbuespen egoerak direla, baina, gutxienez, horrelako aukerak sortzen hasi dira. Lehen ez zegoen aukerarik ere. Oso zaila da egun batetik bestera dena aldatzea: sortzen duen interesa, mugitzen den jende kopurua… Pausoz pauso eta testuingurua ulertuz egin behar da aurrera.

Ane, emakumezko futbolaria izateagatik gutxietsi zaituzte inoiz?  
A.I.: Gertatu izan zait ez sinestea futbolean jokatzen dudala. Futbolean entrenatzera noala esan, eta “zuk zelan jokatuko duzu, ba, futbolean” entzutea. Gazteagotan eztabaidan hasten nintzen gehiago. Orain, esan duenak duela arazoa uste dut, eta ez nik.

Haurdun geratu zinenean, argi zeneukan semea jaio ostean futbolera itzuliko zinela?
A.I.: Gura nuen, baina hasieran ez nuen argi. Batez ere, haurdun nengoenean. Gauza asko entzuten direlako. Kontu handia izan behar dela, etorkizunean gorputzari kalteak eragin diezaizkiola… Niko jaio ostean, ordea, gogoa piztu zitzaidan berriro, barrua dantzan hasi zitzaidan.
E.B.: Futbolaren, bere inguruko giroaren eta errutinaren falta sumatzen zituen.
A.I.:  Fisioterapeuta bategaz hasi nintzen, eta hark diseinatutako plangintzari jarraitu nion. Niko 2016ko uztailean jaio zen eta abenduan jokatu nuen itzulerako aurreneko partidua. Sei hilabete izan ziren. Hasieratik ondo ikusi nuen nire burua.
E.B.: Fisioterapeutaren aginduak serio hartu zituen.
A.I.: Badakizu, zerbait gura duzunean, serio hartzen dira kontuak.

Eneko, gazteagotan literatura lehiaketetan sari bat baino gehiago irabazi zenuen. Gaur egun oraindik idazten duzu?
E.B.: Egia esanda, ez. Irakurri bai, dezente, baina idatzi, ez. Iurretako ipuin edo bertso lehiaketak, Azkue sariketa…  hainbat lehiaketa irabazi nituen. Esku ona nuen idazten.

Letretarako afizioa eta sormena aitari zor dizkiozu? [Xabi Boveda euskara irakaslea da Durangoko Institutuan].
E.B.: Segurutik, hein handi batean, bai. Aitari zein amari esker, liburuak ez dira gauza arrotza izan niretzat. Eta irakurzaletasuna lotuta dago idazteko gaitasunagaz.

Gero esango dute futbolariak ez direla kapaz hiru berba segidan josteko!
E.B.: Gehiago gutxiago, lan guztiak gutxiesten dira; futbolariak tontoak direla esaten da, irakasleak alferrak, politikariak lapurrak, kazetariak…

Manipulatzaileak…
E.B.: Horixe, ez dela inor libratzen.

Deportivora zindoazela iragarri zenean, euskara batuan idatzi zenuen zure agurra. Beste batzuek euskalkia erabili dute, ondarrutarra esaterako…
E.B.: Ez naiz ni nor zuzenagoa zein den esateko. Bere euskalkian idatzi duenak, beharbada, bereago sentituko du idatzi duena. Niri Iñigo Martinezen agurra gustatu zitzaidan, idatzi zuena bera zela imajinatzen nuelako. Niri hurbila eta polita iruditu zitzaidan.

Eta Iñigo Martinezegaz gertatu den kontu guztia, zer iruditzen zaizue?
E.B.: Bufanden kontua apur bat albora utzi beharra dagoela iruditzen zait. Futbol profesionala dela ulertu beharra dago, eskaintza eta eskariaren jokoa. Athleticek apustu handia egin du jokalari bategatik. Jokalariak hainbat gauza jarri ditu balantzan eta, azkenean, erabaki bat hartu du. Niri guztiz zilegi iruditzen zait bakoitzak bere bidea aukeratzeko eskubidea izatea, inork ezer leporatu barik.

Deportivora joan ostean eskainitako prentsaurrekoan Kepa Arrizabalagagatik galdetu zizuten, eta argi egin zenuen berba. Erabakia edozein izanda ere, babestuko zenuela adierazi zenuen.
E.B.: Izan ere, erraza egiten zait Keparen tokian jartzea eta horrelako egoerekin enpatizatzea. Bakoitzak bere mailan erabakiak hartu behar izaten ditu. Koloreekiko maitasuna arrazoi bat da, baina ez bakarra.  Balantzan beste hamaika arrazoi egon daitezke: ekonomikoa, urte kopurua, anbizio profesionala, familia mugitu ala ez… Egoera horretan ez dagoenarentzat erraza da pentsatzea kolorea dela faktore bakarra, baina 20 edo 22 urteko gazte batek, beharbada, bere bizitzako erabaki inportanteenetako bat hartu behar du une batean, eta ezin da faktore batera mugatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!