Hain zuzen, artista berrien eta antzezlanetarako artista bila dabiltzan konpainien artean harremana ahalbidetzea da lan poltsa berri hau sortzearen arrazoia. “Gu ezin gara geldi egon, eta artista eta produkzio arloen artean zubi lana egiteko asmoa dugu”, azaldu du Markel Ganboa koordinatzaileak. “Baditugu baliabideak, eta bide bat zabaltzeko prest gaude”, esan du.
Taldean egindako hausnarketa baten ondorioz jarri dute lan poltsa eratzeko ekimena martxan. “Zalantzak izan ditugu buruan: nork ematen dizkie aukerak talentu berriei? Nork zabaltzen ditu ateak?...”. Galdera horiei erantzuna emateko eta antzerkian egon daitezkeen gabeziak betetzeko asmoa ere badu egitasmoak. Guztientzako tokia dagoela azpimarratu du, gainera, Ganboak. “Kultur arloan lan egin gura duen edozein pertsonak eman dezake izena; poltsa zenbat eta anitzagoa izan, orduan eta fruitu hobeak emango ditu”, arrazoitu du kudeatzaileak.