Babesle berri baten laguntzagaz ekitaldi berezia egin dute Madrilen. Zelan bizi izan duzu?
Normalean, horrelako aurkezpenak areto batean izaten dira. Pantaila baten laguntzagaz azalpenak ematen dituzte, ohiko formatuan. Aurten, babesle berriekin, zerbait berezia egin gura zuten. Aurkezpena azpiegitura handi bateko pista estalian izan zen, eta gu erdian geunden eserita. Esperientzia desberdina, polita eta gustagarria izan zen, egia esanda.
Ohorezko Mailan ibiliko zarete aurten. Zein da helburua?
Lehenengo eta behin, mailari eustea, baina zerbait gehiago egin ahal badugu, ba, aurrera. Iaz igo ginen mailaz, eta oso gogotsu gaude. Beraz, seguruenik mailari eustea baino gehiago lortu dezakegula uste dut.
Itxaropentsu sumatzen zaitut denboraldiari begira.
Bidezabal oso klub gaztea da. Durangoko atleta gazte asko daude eta txikitatik klubean dabiltzanak dira. Badakit gogotsu daudena. Iaz mailaz igotzerakoan ikusi eta bizi izan nuenagaz, badakit ondo ibiliko garela. Seguru.
Eta zein izango da zure lana? Proba konbinatuetako espezialista izanda, hainbat aukera dituzu.
100 metroko hesi lasterketa izaten da nire proba finkoa, eta hortik aurrerakoa aldatzen joaten da, beharraren arabera: erreleboa, pisu-jaurtiketa… Komodin bat naiz sarritan. Azkenean, proba desberdinak egitera ohituta nago, horretan aritzen naizelako. Denak dira nire probak, zelanbait esanda.
Zerbait gehitu gura duzu?
Bai. Ohorezko Mailan dagoen Bizkaiko talde bakarra gara. Uste dut Bizkaiko enpresek eta erakundeek gehiago lagundu gintzaketela. Lehiaketa bakoitzari aurre egiteak diru asko eskatzen du, eta sarritan ezin izaten gara joan.