Bocineros-Deiadar ultra trail berria Oizetik eta Gerediagako juntetxe ondotik igaroko da irailean

Joseba Derteano 2018ko urt. 31a, 09:04

Aurtengo irailaren 14tik 16ra Bocineros-Deiadar Xtreme proba berria lehiatuko dute Bizkaian. Ultra trail distantzia (200 kilometro) duen mendi lasterketa Durangaldetik igaroko da.

Bizkaian historikoki esanguratsuak izan diren puntuak batuko ditu probak: bost mendi bozineroak eta Bizkaiko batzar orokorrak dituen hiru egoitzak. Mendi bozineroak esaten zaie Erdi Aroan Bizkaiko batzar orokorretara deitzeko erabiltzen zituzten mendiei: Oiz da horietako bat (1.062 metro) eta lasterketa handik igaroko da. Tematika beragaz jarraituz, Bizkaiko batzar orokorren hiru egoitzak lotuko ditu lasterketak: horietako bat Abadiñoko Gerediaga auzoan dago. Hain zuzen, lasterkariek hornidura puntu bat aurkituko dute bertan.

Gernikako arbolaren parean hasi eta amaituko den ultra traila 32 herritatik eta 25 tontorretatik igaroko da, eta 22.000 metroko desnibel metatua izango du. Antolatzaileek argitu dutenez, distantzia honetan Europan egiten den lehenengo lasterketa izango da.

Bi proba laburrago
Proba berriak duen gogortasunaren jakitun, laburragoak diren beste bi ere antolatuko dituzte Trail 52 Sport Mendi Klubeko antolatzaileek: 105 eta 45 kilometroko bana. Ehun kilometro pasatxoko Deiadar Ultra ere Durangaldetik igaroko da. Dozena bat mendi sartu dituzte ibilbidean eta Oiz da horietako bat. 10.400 metroko desnibel metatua izango du. Deiadar Maratoia deitzen da hiru probetan laburrena eta 4.400 metro inguruko desnibel metatua izango du. Kasu honetan, Busturialdetik, Sollubetik eta Urdaibaiko erreserba naturaletik  igaroko da

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!