Gerediaga Elkarteak Sabino Arana saria jaso du

Joseba Derteano 2018ko urt. 28a, 13:25
Nerea Mujika saria jaso duen unean. (Argazkia: @sabinoaranaf)

Gerediaga Elkarteko presidentea den Nerea Mujikak jaso du saria Bilboko Arriaga antzokian gaur egindako ekitaldian.

“Pozik nago eta pozik gaude Gerediaga Elkartean. Pozik elkartetik egindako lana aintzat hartu eta gaur Sabino Arana saria jaso dugulako. Beraz, eskerrik asko Sabino Arana Fundaziokooi holango aitortza egiten diguzuelako. Eta zorionak beste sarituoi ere” adierazi du Mujikak saria hartu ostean. "Elkarte txikia da gurea. 400 bat bazkide baino ez gara. Hala ere, gauza handiak lortu ditugu urteetan", gehitu du. Gerediaga Durangoko Azoka "baino gehiago" dela gogoratu du eta euren egiteko ez dela kultur gaietara bakarrik mugatu.

Ekitaldi nagusiaren aurretik prentsaurrekoa eskaini dute saritu denekin. Bertan Gerediagak "Durangoko Azoka baino gehiago" dela erakutsi duela eta saria jasotzea etorkizunera begira elkarteak dituen erronkei aurre egiteko "bitamina handia" dela esan du Mujikak.

Sabino Arana Fundazioak, Durangoko Azoka ez ezik, beste hainbat arrazoi eman ditu Gerediaga Elkartea saritzeko. “Durangaldeari, bereziki, eta Euskal Herri osoari egin dion ekarpen handiagatik aintzatetsi gura dugu. Bost hamarkadatan baino denbora luzeagoan, Gerediaga Elkarteak Durangoko eta Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta tradizionala ikertu, zaindu eta zabaltzeko lan eskerga gauzatu du eta, gainera, aurrendaria izan da Oroimen Historikoa lantzen eta aldarrikatzen”, arrazoitu dute.

Saritu denekin ateratako argazkia (@Gerediaga)  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!