Energia berriztagarrien 300 instalazio baino gehiago daude ezarrita Durangaldean

Markel Onaindia 2018ko urt. 27a, 11:30

Han eta hemen berba asko egiten da energia berriztagarriez. Baina, aukera erreal bat dira ala praktikan eraginik ez duten amets hutsak?

Uneotan alternatiba diren hainbat aukera joan zen asteko Berdeago Energy azokan ikusi ahal izan ziren –asteburu honetan elikadura ekologiko eta arduratsua izango da gaia Berdeago Naturegaz–. Bertan egon ziren Berrizko Ekidom enpresakoak, energia berriztagarrien sistemak instalatzen erreferentzia handia lortu dutenak. Durangaldean 300 instalazio baino gehiago ezarri dituzte berriztarrek 2006tik hona, eta estatu osoa kontuan hartuta, 1.000 interbentzio egin dituzte. Eguzki plakak, galdarak, berogailuak, biomasa sukaldeak... aukera ugari eskaintzen dituzte. Durangaldean, biomasak dauka arrakastarik gehien, Josu Salazar arduradunak dioenez. “Sistemarik gogokoena da baserri eta antzeko eraikinetan, geotermia eta aerotermia lekua irabazten ari diren arren”. Biomasa galdarak dira agian ezagunenak, baina berogailuak indarra hartzen ari dira. Etxeetan lez, eskualdeko hainbat udal eraikinetan jardun dute, Izurtzan eta Abadiñon, esaterako.

Eguzki energia, polemikan
Instalazioaz gainera, sistemen jarraipena egiten dute Ekidomekoek, eta diru-laguntzen tramitazioa ere bai –Erkidegoan espediente gehien tramitatu dituen enpresa da–. Eguzki plakei dagokienez, aurtengo laguntzen deialdia publikatzeko dago; iaz, Energiaren Euskal Erakundeak emanda, plaka termikoek %35eko laguntza eduki zuten, eta fotovoltaikoek %30ekoa.  Azken urteetan bajatu egin dira laguntza horiek, baina, kontrara, plaken prezioa ere bajatu da. 10 urteren bueltan amortizatzen da inbertsioa, eta plakek 25 urte inguruko iraupen egokia izaten dute. Polemika piztu da eguzki energiaren inguruan, laguntzak bajatzeaz aparte, energia horri zerga bat ipintzeko asmoa agertu duelako espainiar gobernuak. Baina Salazarrek argitu du ez dela ezarri eta, bere ustez, interesdunei beldurra sartzeko izan da.

Europako helburuak
2030ean, kontsumo energetikoaren %35 iturri berriztagarrietatik etortzea. Horixe da Europako Parlamentuak duela aste bi ezarri duen helburua, eta bide horretan lan egiteko deia egin die estatuei. Salazarren ustez,  “lan asko” egin beharko dute hori betetzeko, “laguntzak handitzea eta tasa absurdoak ez ipintzea”, esaterako. Parlamentuak nabarmendu du ekoizleek ez luketela tasa berezirik ordaindu behar. Bestalde, 2022rako, gasolindegien %90ean auto elektrikoen kargagailuak egotea aurreikusi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!