Gure Esku Dago

Gure Esku Dagok giza katea egingo du ekainaren 10ean eta Durangaldetik igaroko da

Joseba Derteano 2018ko urt. 27a, 13:15

Gure Esku Dagoko Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas gaur Eureka zentroan azalpenak ematen.

Donostian hasi, Bilbotik igaro eta Gasteizko Legebiltzarraren aurrean amaituko da erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa. Mallabia (Areitio gainetik) Zaldibar, Berriz, Abadiño, Durango, Iurreta eta Zornotzatik igaroko da Durangaldean.

Gaur aurkeztu dute ekimena Donostiako Eureka zientzia zentroan. Giza kateak 201 kilometro izango ditu eta Durangaldeko hainbat herritatik igaroko da: Mallabia, Zaldibar, Berriz, Abadiño, Iurreta, Durango eta Zornotzatik. Mallabia, Zaldibar eta Berriz N-634 errepide nazionaletik zeharkatuko ditu giza kateak. Traña-Matienako biribilgunetik barrura sartuko da; Eroski inguruko biribilgunetik aurrerantz Durangora sartuko da. Landako Etorbidetik Iurretarantz joango da, han berriro errepidera irteteko Zornotzara bidean. Eskualdeko herri denek —eta inguruko beste batzuek— kilometro horiek eskurik esku lotzeko ardura izango dute. Katea osatzeko 120.000 bat lagun beharko direla kalkulatu dute. Euskal Herrian inoiz egingo den “mobilizazio handiena” izango dela azpimarratu du Gure Esku Dagoko bozeramaile Angel Oiarbidek gaurko aurkezpenean. 

2014ko giza katearen eredua jarraituko dute. Zapiak eskuratu beharko dira giza kateko metroa lortzeko. Aurten kamiseta berriak ere aterako dituzte.

Ekimen horrez gainera, herrietan Herritarren Ituna lantzen joango dira. Arloz arlo (herritartasuna, euskara, kultura, ingurumena…) zergatik eta zertarako erabaki gura den eztabaidatzea eta arrazoiak pilatzea da helburua. ‘2019 arrazoi erabakitzeko’ izango da leloa. Herritarren Ituna osatu ostean Herri Ituna bilatzeari ekingo diote; hau da, ahalik eragile gehienek babestuko duten akordioa bilatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!