Ecofashiontruck sarearen berri ematera zatoz. Zelan sortu da zuen proiektua?
Ekoizleen azoketan elkar ezagutzen joan gara, eta udatik hona ari gara elkarlanean. Txikiak gara, eta beharrizanetik sortu da sarea. Etekinerako tarteak oso txikiak izaten dira guretzat, lehiakorrak izatea gura izanez gero prezio oso baxuak ezarri behar ditugulako. Prezio errealean ipinita, gaitza da saltzea, beste moda bategaz alderatuta karuagoa delako. Bezeroari prezioa merketzeko bide bat da sarea, denda baten eran erosi ahal delako. Kontsumo taldeei saltzen diegu, eskaera handia eginda produkzioa bermatzen digutelako. Eskaera egin eta hiru hileko epean fabrikatzen dugu. Horrela, ia %30eko deskontua egin dezakegu. Momentuz, Madrileko taldeekin ari gara, baina Bizkaian ere baditugu kideak. Gura duenak kontsumo taldean eskaera ere sartu dezake.
Bezeroak kalitatean igarriko du aldea, ezta?
Ez da bakarrik kalitatea. Filosofia batean ere bat egiten dugu Ecofashiontruckeko kideok. Material ekologikoagaz egiten dugu guztia, normalean kotoi organikoagaz. Ingurumenagaz errespetuzkoa den laborantza batetik dator, eta ez da gai kimimorik erabiltzen. Aparte, bidezko komertzioan sinesten dugu; ez dago umeen zein helduen inolako esplotaziorik, ez plantazioan ezta eskulanean ere. Gainera, gure azala kaltetzen ez duen arropa bat ere bada. Nik urtebete arteko arropa egiten dut, eta ama ere banaizen aldetik, oso garrantzitsua iruditzen zait gai kimikorik ez edukitzea eta alergiarik ez eragitea. Kotoi hau leunagoa da gainera.
Normalean ez dugu jakiten lehengaia nondik datorren eta zein baldintzatan ekoiztu den. Nondik lortzen duzue zuek?
Sareko beste batzuek eta nik neuk Gironako enpresa bati erosten diogu kotoia, proiektu oso polita baitute. Brasilen kotoiaren plantaziotik bizi den herri bategaz akordio on bat dute, errespetuzkoa brasildarrekiko.
Beraz, esan daiteke zuen proiektua alternatiba bat dela.
Bai, baina alternatiba baino, tendentzia izatea da gure helburua. Europako herrialde batzuetan nahiko barneratuta dago moda hori, jendeak arropa ekologikoa normal erosten du, batez ere umeentzako arropa denean. Nik uste dut merkatua eraldatzen joango dela, gure inguruan gertatzen denaz kontzienteago izango garela. Planeta kaltetzen duten tindagaiekin umeentzat egindako kamiseta 3 euroan erosteak axolako digu. Espainiar estatuan oraindik informazio asko falta da.