Hil aurretik zer egin hausnartzeko deia egin dute eskualdeko hainbat jubilatuk

Maialen Zuazubiskar 2018ko urt. 17a, 09:44

Amankomunazgoak antolatzen duen ikastaro baten baitan sortu dute proiektu hau.

Gaur egungo munduan parte hartzeko gakoak ikastaroaren baitan eskualdeko hainbat jubilatuk Before I die dinamika jarri dute martxan. Hori horrela Elorrioko Kiroldegi aurretik igarotzen diren herritarrek hil aurretik zer egin gura duten idazteko aukera izango dute frontoian jarrita dagoen hausnarketarako horman.

Proiektu honen bultzatzaileek adierazi dutenez, Candy Chang artistak New Orleansen egindako ekimena erabili dute inspirazio iturri. "Norberarentzat bizitzan garrantzitsua denari buruz hausnarketa bat egitea bultzatzen zuen artistak, eta guk ere hori egin gura izan dugu", adierazi du Sara Egidazuk ikastaroan egon den elorriarrak.

Bestalde, Elorrioko Hilario Azkarate frontoitik pasatzen diren denei parte hartzeko deia egin diete. "Edozeinek, duen adina duela, parte hartu dezake dinamika honetan. Helburua komunikazioa eta adierazpena sustatzea dira-eta", jarraitu du Egidazuk.

Eva Perez de Albeniz ikastaroko dinamizatzailea oso pozik agertu da ikastaroko 20 lagunek erakutsitako lan egiteko kemen eta grinagaz. Gainera, ikasleek sortutako proiektu hau ingurukoei nolakoan garen erakusteko eta etorkizunerako ditugun asmoei gogotsu aurre egiteko aproposa dela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!