“Oso garrantzitsua da umeekin eta lagunekin jolasteko eta egoteko denbora hartzea”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 23a, 11:00

Urte osoan prestatutako ikatza opari bihurtzeko lanean buru-belarri aurkitu ditugu Olentzero eta Mari Domingi. Durangaldeko txoko eta bazterrak magia eta irribarrez beteko dituzte gabon gauez.

Opariak ala ikatza ekarriko duzue gehiago Durangaldera?
Olentzero: Opariak! Badaude neska-mutil batzuk, badakite eurek nortzuk diren, ikatza jasoko dutenak. Baina umeak zintzo portatu dira, oro har, eta gehienek oparia jasoko dute. Hori bai, jakin dezatela opariak partekatzeko direla, lagunekin, neba-arrebekin….

Eta helduok jasoko dugu oparirik?
O.: Benetan sinetsi beharko duzue gugan. Ume sentitu beharko duzue, ume izatea ez da-eta adin kontua bakarrik, izateko modu bat da.

Formalak izan gara, oro har?
Mari Domingi.: Bai, baina badira zenbait kontu...
O: Hala da, bai! Azkenaldian aire arraroa duzue Durangaldean, eta gure galtzagorriak ikertzen ari dira nor edo nortzuk diren erantzuleak.  Aurkituko dituzte! Ez dakit ikatza jasoko duten, baina baliteke galtzerdiren bat galtzea. Adi! Ia nork duen galtzerdi bakarra.

Ikatza merezi dute horiek?
O: Bai, eta natura zaintzen ez dutenek ere bai. Gure lurra, basoa, animaliak… zaindu behar ditugu.
M.D.: Ingurua norberarena bailitzan tratatzen dute askok, segurutzat hartu besteek. Baina zaintzen ez dena ez da segurua, ez da inoiz izango. Zaindu ezik galduko dugu.

Eta nork merezi du oparia?
O: Seme-alabekin jolasteko denbora hartzen duten gurasoek, adibidez. Oso garrantzitsua da umeekin eta lagunekin jolasteko eta egoteko denbora hartzea .

Asko aldatu dira sasoiak? Zer eskatzen dute umeek?
M.D.: Bai! Gero eta jostailu teknologikoagoak eskatzen dituzte: Wii, playstation, chromebook, iphone... Ez dakit apur bat antigualeko ez naizen geratu. Baina badira betiko jostailuak ere. Galduta ere ibili gara, baina magia apur bategaz...

Egokitu zarete zuek ere teknologia berrietara?
M.D.: Bagabiltza. Hala ere, ohiko gutuna jasotzeak egiten digu ilusioa.
O: Herrira jaistean gutuna hartzea gustatzen zait niri. Txupete piloa ere ematen digute. Pozgarria da!
M.D.: Bai! Baina, batzuei nabari zaie ez daudela oso konbentzituta...

Eskatutako guztia ekartzen duzue?
O: Ez! Hurrengorako uzten ere ikasi behar da. Denon artean banatu behar dira opariak. Afrikara eramateko edo premia dutenentzat gordetzen ditugu.

Afrikara heltzen zarete?
M.D.: Han gu lako lagun magikoak  dituzte.

Ume zein helduei eskaririk egiteko?
O: Eskuzabaltasuna. Dugun hori, gure denbora, partekatzeko eskuzabaltasuna; askotan diruari begiratzen diogu, baina zenbat balio du lagunaren besarkadak, irribarre batek, lagunarteak…
O: Umeei ume izaten jarraitu dezaten, hazteko presarik ez dezaten izan. Helduei, berriz, pixka bat umetzeko. Gauza txikiekin harritzeko gaitasuna izatea eta gauza potoloei duten garrantzia ematea.

Zer egin behar dugu gabon gauez gurera etor zaitezten?
O: Ametsetan zaudeten bitartean joaten gara gu, eta amets horietatik ikatza opari bihurtzeko  beharrezko magia ateratzen dugu. Beraz, goiz oheratu, gu heldu orduko zuen ametsak behar ditugu eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!